Atlas mendilerroan barrena

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 10a

Ostadarreko Mendi saileko lagunak ez dira bakarrik Euskal Herriko mendietatik barrena ibiltzen. Aurten mendi saileko bi talde Maroko aldean izan dira Atlas mendilerroko gailurrak ezagutzen. Marokoko mendi altunera, Toubkalera, 4.167 m, igo zen taldeetako bat, bestea aldiz Mgoun-era, 4.068m. Bidai hauei buruz gehiago jakin nahi duenak, astezkenean Jalgi-Kafe antzokian, 21:30etatik aurrera eskainiko duten diaporamara hurbil daiteke.

Emakumeek ibaian arropa garbitu eta eguzkitan harrien gainean lehortzen dituzte.
Ostadar Mendi saileko kideak Atlas mendilerroan barrena ibili dira uda honetan. Lehenengo taldea uztailean joan zen Toubkal mendia igotzera, bigarrena berriz, irailean izan zen Mgoun mendia eta inguruak ezagutzen.

Uztaileko taldeak zortzi egunetako bidaia egin zuen eta Atlas mendilerroan bailaraz bailara trekking-a egin eta 3.000 metroko mendixkak igo zituzten, baita Toubkal 4.167 metroko mendia ere.
“Ibilbide zirkularra egin genuen herrixkaz herrixka, hauetan lo egin eta hurrengo egunean mendia igo,” azaldu dute.

Gida eta sukaldariaren laguntzaz egin zuten bidaia eta 4 edo 5 egunetan zibilizazio edo kotxerik ikusi gabe egon zirela azpimarratu dute.

“Gainera, hango herrixketan emakumeak lanean ikusten ziren eta gizonak egonean zeuden. Hemen duela 70 urte bizi ziren moduan bizi dira bertan”, adierazi digute. Iraileko taldeak, berriz, Mgoun mendia igo zuen Atlas mendilerroan eta gero hegoaldera egin zuten Todran eskalada egiteko.

Taldeko kideek aipatu digutenez, mendira iristeko 4x4ak izan zituzten “baina lehen ez zegoen pistarik eta iristeko oinez egin behar zen bidea”. Honela egunero 4 edo 5 ordu ibiltzen ziren aterpetik aterpera eta Mgoun mendia igo eta jaisteko 7,5 ordu behar izan zituztela aipatu digute, baita bertan elurra aurkitu zutela ere. Gainera, Atlas mendilerroan kontraste handia dagoela azpimarratu dute bai inguruan, baita bizitzeko moduan ere. Hau guztia eta gehiago astezkeneko diaporaman kontatuko dute Ostadar SKT-ko mendizaleek.