Ekogunean baratzak herritarren eskura

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abe. 10a, 20:17

Zabalegi etxean, Galarreta auzoaren eta Miramonen artean dagoen Kutxaren Ekogunean 123 sail banatuko zaizkie hernaniar, lasarteoriatar eta donostiarrei baratze ekologikoa jartzeko. Beraz, baratza jartzeko lursail bat eskuratu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea www.ekogunea.net webgunean. Lurra modu ekologikoan landu beharko da eta ekoizitakoa ezingo da saldu, baldintza horiek jarri baititu Kutxa Ekoguneak.

None
Baratze parkeen egitasmoa martxan jarri du Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak bultzatzeko helburuarekin. Baratzeak zabalduko dira Gipuzkoako 16 herritan: Usurbil eta Lezon, jada martxan dira proiektuak eta hurrengoak, Hernani, Lasarte-Oria eta Donostiako biztanle, elkarte edo eskolentzat udaberrian banatuko diren Ekoguneko baratzak izango dira. Izenak esan bezala www.ekogunea.net helbidean eman daitezke eta datorren astean, hilaren 17, 18 eta 19an proiektua ezagutarazteko saioak egingo dira.

Baratze hauetan norberak landuko du lurra, barazkiak era ekologikoan ekoizteko aukera eskainiko da eta belaunaldi ezberdinen arteko trukerako zein aisialdirako topagune eta gune berde ere bihurtu nahi dute tokia. Horrela, Baratze Eskola, Konpostagunea, erakusketak, ikastaroak eta abar antolatuko dituzte bertan eta irekiak egongo dira bisitatu nahi dituztenentzat.

Bi baldintza nagusi jarriko ditu Ekoguneak. Batetik baratzak auto hornikuntzarako erabiliko dira, etxean kontsumitzeko alegia. Eta bestetik nekazaritza ekologikoaren arauak errespetatu beharko dira, ongarri organikoa erabili, hondakinak konpostatu eta zomorro zein beste gaitzei aurre egiteko tratamentu organikoak burutuko dira. Hau da, ongarri edo tratamentu kimikorik ez da onartuko. Guztira 113 sail prestatzeko lanak hasi dira. Batetik bide eta ur azpiegiturak egingo dira eta bestetik erabiltzaileen biltegi, aldagela eta komunen bi eraikin ere bai.