11_Ezohiko igoera izango da kirol tasan

Nerea Eizagirre 2012ko abenduaren 11

Buruntzaldeko Udaletako kirol arduradunek kirol tasek 2013an jasango duten ezohizko igoeraren azalpena eskaini dute gaur eguerdian.

David Rosco Urnietako kirol zinegotzia, Ainara Rodriguez Andoaingo kirol arduraduna,Taxio Arrizabalaga Lasarte-Oriako kirol zinegotzia eta Usurbilgo kirol arduraduna Iñaki Ugarte gaur eskainitako prentsaurrekoan.
Taxio Arrizabalaga Lasarte-Oriako kirol zinegotzia, Ainara Rodriguez Andoaingo kirol arduraduna, David Rosco Urnietako kirol zinegotziak eta Usurbilgo Iñaki Ugarte zinegotziak gaur eguerdian Lasarte-Oriako udalbatza-aretoan eskainitako prentsaurrekoan kirol tasen ezohiko igoeraren zergatia azaldu dute.

BEZaren igoera

Prentsaurrekoan azaldu duten legez, Buruntzaldeko akordioa dela eta, kirol tasaren prezioa urtero lau udalen artean adosten da. "Orain arte, irizpide orokorra KPIaren igoera soila zen" aipatu du Tasio Arrizabalagak.
Aurten ordea, tasak ezohiko igoera bat izango du, %6,51. Honen arrazoia BEZaren igoera da. "Lau herrion zerbitzuetan izugarrizko igoera suposatu du. Hainbat eta hainbat kontratuetan %8a ordaintzetik, %21a ordaintzera," azpimarratu dute.
Eta Udalen helburu nagusia kirol zerbitzuak mantentzea denez, lau herrietan BEZak suposatu duen igoeraren media, %4,66a gehi maiatzeko KPIa, %1,85a, gehitzea erabaki dute. "Badakigu hau herritarrek haiengan hartzea oso gogorra eta desatsegina dela," aipatu dute.
Era berean, 2013 urteko tasari soilik eragingo diola jakitera eman dute, "hemendik aurrera, berriro ere, KPIaren igoera aplikatzen jarraituko genuke".