11_Udalak urtarrilean aurkeztu nahi ditu 2013ko aurrekontuak

jon-altuna-iza 2012ko abenduaren 11

Abenduko ohiko udal batzarrean, astearte arratsaldean, batetik 2013ko aurrekontuetaz aritu ziren, EAJ, Bildu eta Plataformak urtarrilean aurkeztu nahi dituztela adierazi zuten eta orain aurkezteko PSE-EEren proposamena atzera bota. Bestalde, langabetuen egoera kaxkarra ere jorratu zen, Lasarte-Oriako langabetuen plataformak amaieran bere haserrea adierazi zuen, politikariei konponbideak eskatu zizkieten eta alderdi politiko guztietako ordezkariak hilaren 20an egingo den bilera batera gonbidatu.

Atzera bota da aurrekontuak orain aurkezteko PSE-EEren proposamena.

Udal batzarrak batetik Boris Nogales zinegotzia izendatu zuen Andre-Joakinaenea Haurreskolako Jarraipen batzordeko ordezkari, bestetik Hirigintza batzordearen bi proposamen onartu zituen, Pablo Garaikoetxea eraikinean eta Loidi kalean, Martin Berasategi jatetxean egiteko bi proiektu baimenduz, eta atzera bota zuen Udalak 2013ko aurrekontuak aurkeztu ditzala eskatuz PSE-EEk aurkeztutako proposamena. PSE eta PPk aldeko botoa eman zuten, Marisa Zubiri abstenitu egin zen eta beste alderdi guztietako ordezkariek kontrako botoa eman zuten.
Bildu, EAJ eta Plataformako ordezkariek 2013ko aurrekontuak urtarrilean aurkezteko asmoa jakinarazi zioten PSE-EEri, baina aurrekontuak aurkezteko eskatuz alderdi honek egindako proposamenik ez zuten onartu. Jesus Zaballos PSEko ordezkariak adierazi zuenez, EAJk 2010ean aurkeztutako mozio berbera eraman zuten asteartean plenora, oposizioak zeudenean jarrera bat zutela eta orain beste bat salatuz. Zintzotasunik ez dutela leporatu zien horregatik.
Bildu, EAJ eta Plataformako ordezkariek antzeko erantzuna eman zioten, bi egoeren artean alde handia dagoela adieraziz: 2010eko urrian oraindik 2008ko aurrekontuekin ziharduela PSEren gobernua, atzera bota zirela eta 2011ko ekainera arte ez zirela gaurkotu 2008ko aurrekontu haiek. Orain egoera beste bat dela, ekainean onartu zirela 2012ko aurrekontuak eta 2013koak urtarrilean aurkezteko asmoa dutela jakinarazi zuten.
Udal batzarraren amaieran, galdera eta eskaeren atalean Zaballos zinegotziak zenbait zalantza plazaratu zituen. Udaleko langileen abenduko extrari buruz, Pablo Barrio alkateak erantzun zion Gobernuaren murrizketen aurka daudela eta beraz ahal dutena egingo dutela krisia langileek ordaindu ez dezaten, erabakia egun hauetan hartu behar dutela eta hartu bezain pronto jakinaraziko dutela. Zelai Aldetik hiribusa pasatzeari buruz, Ana Isabel Prietok erantzun zion hiribusaren ibilbidea ordutegiaren menpe dagoela, eta beraz orain arte bezala, Zelai Aldeko herritarrek telefonoz deitu beharko dute autobusa handik pasatzeko eskatuz.
Eguberriko parkeari buruz, Tasio Arrizabalagak erantzun zion aurreko urtean bezala egingo dela, 30.000 euroko aurrekontua izango duela eta aurtengo berrikuntza gisa jakinarazi zuen langabetuen esku izango dela Gabonetako parkearen sarrera eta taberna. Gabonetako argientzat 6.000 euroko aurrekontua izango da.
Ikusleen artetik Aralar alderdiko Mayi Bengoetxeak Ana Urchueguia alkate ohiaren aurkako salaketari buruz galdetu zuen, eta Estitxu Alkortak erantzun prest dagoela salaketa eta laster pasatuko dela Udaletxeko Batzordetik.
Alderdi politiko guztietako ordezkariak gonbidatu dituzte bilera batera langabetuek.
Lasarte-Oriako langabetuen plataformako ordezkariak pankarta batekin izan ziren udal batzarrean: “Parados cabreados, exigimos soluciones, ¿A que esperáis para hacer algo?”. Bukaeran hartu zuten hitza, haserre daudela jakinarazi zieten politikariei ez dutelako euren ustez ezer egiten, irtenbideak eskatu zizkieten eta abenduaren 20an goizeko 11:00etan kultur etxean egingo den bileran parte hartzeko deia luzatu zieten alderdi politiko guztiei. Langabetuen ustez, egoera latzak, ekimen sendoak eskatzen ditu, elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da eta beraz alderdi politikoei deia luzatu diete irtenbideak aurkitzeko eta adosteko egingo den lehen batzar bateratuan parte hartu dezaten. Horixe proposatu omen zien Pablo Barrio alkateak aurreko bilera batean.