13_Langabetuen plataformarekin akordioa sinatu du udalak

maider-azurmendi 2012ko abenduaren 13a

Udalak langabetuen plataformarekin sinatutako akordioaren arabera Eguberrietako Haur Parkearen sarrera eta tabernaren kudeaketa euren esku geratzen da. Biltzen duten dirua euren ekimenak aurrera ateratzeko erabiliko dute.

Alvaro Castrillo, Pablo Barrio alkatea eta Emilio Robledo akordioa sinatzen.
Pablo Barrio alkateak sinatu du langabetuen plataformako bi ordezkarirekin akordioa eta honen bitartez Eguberrietako Haur Parkean sartzeko ordaindu beharreko euroa beraientzat izango da baita tabernaren kudeaketarekin ateratako dirua ere.

Honen bitartez udalak langabetuei elkartasuna adierazi nahi izan die "gure esku dauden gauzetan laguntzeko prest gaude". Hala ere, alkateak azpimarratu nahi izan du udaletxeak ahalmen mugatuak dituela enpleguari dagokionez "eta krisi ekonomiko larri honen testuinguruan, Madrildik ezartzen dizkiguten murrizketek ez dute egoerari buelta ematen laguntzen".

Horrela Bilduko alkateak estatuko gobernuak jarraitzen duen murrizketa politika gogor salatu du langileen baldintza eta eskubideetan atzera pausoak direla azpimarratuz besteak beste. Langabetuekin sinatutako akordioa motz geratzen dela onartu arren, momentu honetan "udalak egin dezakeena da eta elkarlanerako urrats bat bezala ulertzen dugu".

Ez da nahikoa
Emilio Robledo langabetuen plataformako ordezkariak eskerrak eman dizkio udalari laguntza hau eman eta akordioagatik baina "oso motz geratzen da herrian dauden 1.600 familientzat". Robledoren hitzetan egun batzuetarako lan honek eragindako irabaziak plataformaren ekimenak diruz laguntzeko baliagarriak izango dira "besterik ez". Udalari lan postuak sortzeko ahalegina eskatu dio "benetako lan postuak behar ditugu". Hala ere, akordioa esker onez hartzen dela adierazi du.