Kirol instalazioen alokatzea

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 14a

Udal Kirol Zerbitzuak 2013 urtean kirol instalazioak urte osoan zehar, uztaila eta abuztua izan ezik, zenbait ordu eta egunetan alokatzeko aukera eskainiko du.
Instalazio hauek, Michelin Kirol Guneko pilotalekua eta areto futboleko pista, kiroldegiko kantxa, padel pista edo trinketea dira.
Kirol zerbitzuak jakitera eman du, eskainiko diren orduak eta erabilera arauak ezagutu nahi duten herritarrek dagokien instalazioan kontsulta egin dezaketela.
Instalazio hauetakoren bat alokatzeko interesa duten erabiltzaileek izena, abizena, telefono zenbakia, abonu zenbakia eta ekipamendua alokatu nahi duen eguna eta ordua eman behar dute instalazio horren harreran. Hau egiteko azken eguna abenduaren 19a izango da.
Gauzak honela, orduak banatzeko izena eman duten erabiltzaileen artean zozketa egingo dela aurreratu dute Udal Kirol zerbitzuko arduradunek. Zozketa abenduaren 20an 19:00etan izango da Udal Kiroldegian.