Marinaleda

Mailu Arruti 2012ko abenduaren 14a

Kaixo lagunok: Espainia aldetik bueltatxo bat ematetik nator. Zehatzago esan da Andaluziatik. Km asko egitearen ondorio izango da edo… Melchor Miralles, Isabel San Sebastian, Del Olmo, RN, SER, Onda 0, Radio ABC, eta antzekoen uhinek disparatutako erradiazio izpiak jasatetik.
Harritzekoa bada ere, azken 15 egunetan euskaldunak nahiko bakean utzi gaituzte. Katalanak zituzten jomugan. Inondik ere independentismoak kriston jipoia hartu omen du???? Ja!!!
Espainiar nazionalismo erradikal bezain kutre horrek non kokatzen du bere abertzaletasuna? Folklorean? Ez jada hori oso degradatua dago. “País de pandereta”. Ez, ez. Ekonomian? Nahiko izorratua daukate (izorratu dute) azken aldian. Ez jaunak! Lurraldetasunean. Guri ukatzen diguten horretan. “España, una, grande y libre” hori, bakarra eta batua dela zalantzan jartzen duen oro, kataklismo bat da.
Bestalde Andaluzia herrialde zabal eta aberatsa, espoliatu egin dute. Kostalde zoragarria espekulatzaile eta politiko ustelek erabat izorratu. Eta Europar turismoaren morrontzara kondenatu. Lurraldetasuna bai, baina lurraldea gehixeago maitatu behar da. Lur emankorren %90a jabegoaren %3aren esku dago. Zer egin gosea eta miseriaren aurrean? Guk hemen Sahararako janari bilketa egiten dugun bezala, Janari Bankuak martxan jarrita dauzkate, baina bertako jendearen artean banatzeko. Badakit hemen ere badaudela, baina momentuz ez ditugu guk betetzen, enpresek baizik, instituzioen laguntzaz.
Eta errematea: La Caixaren iragarkia. Bartzelonako futbol izar horietako baten hitzetan “bertako” gosearen aurka egiteko kanpaina iragartzen du. Kafkak ere lanak izango lituzke hau esplikatzen!
Eskerrak Marinaledara bueltatxo bat egin genuen. Bai, Sanchez Gordillo (Hiper batetik bi karro janari ordaindu gabe ateratzeagatik ezagutarazi nahi izan duten alkate gaizkilearen herrira) www.marinaleda.com. Eman bistadizo bat. Marinaledan ez dago ia langabeziarik,ez goserik, ez desjabetzerik. Aurretik deskribatutako zabortegi horretan loratu den arrosatxo usainduna.
Autogestioari panikoa zaio. Desjabetzeak pairatzen dituztenek diote: ”Si se puede”. Baina niri, barkatuko didazue, Obamarena gehiago gustatzen zait. “Yes we can”. GUK ahal dugu.