Musika izango da nagusi asteburuan Lasarte-Orian. Multimusikala jaialdia antolatu dute aurten ere autogestioaren bidetik, kultura aske eta herrikoia bultzatuz, eta hainbat kontzertu eskainiko dira herriko tabernetan, horietatik asko herriko taldeenak, besteak beste Aurka, Makulu Ken edo The Garax ikusteko aukera izango baita. Arratsaldeko lehen orduetan hasiko dira kaleak girotzen, graffiti, rap musika eta batukadarekin eta, ondoren, goizaldera arte luzatuko dira rock talde eta musika jartzaileen emanaldiak.
Egitaraua arratsaldeko 17:00etan hasiko da Okendo plaza eta Sagardotegi kalean Graffiti erakustaldi eta Parasitos XXL RAP musika taldearen emanaldiarekin. Gero arratsaldeko 18:00etan aterako da Okendo Plazatik Dinbi Danba herriko perkusio taldearen kalejira. 18:30etan Trumoi taberna ondoko Garajean Rafafa magoak bere trikimailuak eskainiko ditu eta ondoren hasiko da rock eta punk kontzertua, Keep Digin, Despervicio eta Desastrozombies taldeekin. Multimusikala jaialdi honen kontzertu interesgarrienetarikoa Aurkaren azken kontzertua izango da seguraski. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da Avenida Kafetegian.
Ondoren, Mendi Kafe Rock-en Low Riders taldeak Depeche Mode, Hank3, Johnny Cash eta beste musikari talde batzuen bertsioak joko ditu eta 20:00etan hasiko da Ilargi tabernan herriko The Garax taldearen berbena punka eta ondoren talde sorpresak joko du.
21:00etan hasiko dira kontzertuak El Bar de Mau eta Siglo 20-n. Mauren tabernan Screaming Targets taldeak joko du eta ondoren Okono eta Iñigitok jarriko dute musika gauerditik aurrera, eta Siglo 20n Inoreneroni taldeko Okene Abrego eta Mariano Hurtadok beren proiektu berria eskainiko dute eta ondoren Theodor eta Serge DJn txanda izango da.
Jalgi tabernan 23:00etan hasiko da kontzertua Lauroba (pop-rock) eta Makulu Ken (euskalafrobeat) taldeekin eta SYR (Trifulca Posse) Ghetto Music taldea arituko da musika jartzen. DJ manu16v-k jarriko du musika gauerditik aurrera Insausti tabernan eta azken kontzertua 00:00etan hasiko da Abend tabernan, Drakken eta Odolaren Mintzoa metal eta HC taldeekin, hurrenez hurren.
Zero Sette eta Alboka
Asteburu multimusikal honetan beste bi ekitaldi desberdin ere aipagarriak dira, Zero Setteren 25. urteurreneko azken kontzertua larunbatean 19:30etan Kultur Etxean, eta Albokaren Gabonetako kontzertua igandean 12:30etan Brigitarren komentuan.
Zero Setterekin batera, musika Eskolako Trikitixa taldeak eta Piazzola Project hirukoteak joko du: Ana García pianojolea eta Susana Cencillo akordeoi jolea andoaindarrak dira eta Juan Ignacio Emme biolontxeloa eta baxu jolea argentinarra.
Tangoarekin lotzen den Astor Piazzolla musikari argentinarraren lanak entzuteko aukera izango da beraz kontzertu honetan.
Igande eguerdian Albokak aldiz, gabonetako kantak eskainiko ditu. ETa gonbidatu bat izango du, Comillasko Ahots Grabeen “Brumas Norteñas” abesbatzarekin. Gizonezkoen koru honek Kantabriako doinu eta gaboneta abestiak kantatuko ditu.
