Islada ezkutatuak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abe. 14a, 01:00
Lasarte-Oriako Oroimen historikoaren aldeko taldearen aurkezpen ekitaldia izan zen bart Villa Mirentxun. 36ko gerraren jakin minak sortu du taldearen eraketa eta helburua “gure herrian isilpean pasa diren gertaera horiek argitzea eta argitaratzea”. Iñaki Egaña historialariak hitzaldia eskaini zuen ondoren.
Islada ezkutuak taldearen aurkezpenaren ostean Iñaki Egaña historialariak hitzaldia eskaini zuen "1936ko gerra Lasarte-Orian" izenburupean.

Jakin minak bultzatuta sortu da Islada ezkutuak Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldea. Bart Villa Mirentxun, gerra garaian Komandantziaren etxea izandakoan, aurkeztu zuten taldea. Bertara herritar asko gerturatu eta aretoa txiki geratu zen.
Mailu Arruti sortu berri den taldeko kideak azaldu moduan, martxoan hasi zen biltzen herritar talde bat 1936ko gerran herrian gertatutakoa argitzeko helburuarekin. “Isildutako historiari bide egin nahi diogu eta horretarako datuak eta testigantzak behar ditugu jaso”.
Herritar askok errepresio gogorra bizi izan zuten, mota askotako errepresioa “fusilatuak izan ziren batzuk, preso egondakoak... inguruko herrietan gertatutako gauza berdintsuak izango ziren hemen, baina gurea jakin nahi dugu”.
Islada ezkutuak taldearen izenak hain zuzen ezkutuan, propio ezkutatutako historia horiei erreparatu nahi die. “Zer gertatu zen Lasarte-Orian 1936an? nola iritsi zen gerra? enfrentamenduak egon al ziren hemen?” galdera hauei erantzuna eman nahi zaie. “Bertsio ofizialean argi ilun asko daude eta guk ilunak argitu eta argitara eman nahi ditugu, gure benetako historia ezagutu eta gure burua horretan islatuta ezagutzeko”.

Lekukoak

Historia osatzeko lekukoak behar dira eta hain zuzen deia luzatu nahi izan dute informazioa edota bestelako testigantzak eman ditzaketen herritarrak eurekin harremanetan jartzeko. Horretarako 695 756 556 telefono zenbakian egin daiteke. Taldea irekia da eta interesa duenak parte hartu ahal izango du honetan ere.
“Badakigu dagoeneko gerra bizi zuten bizilagunak gutxi direla gure artean baina gustatuko litzaiguke ahal den neurrian behintzat hauekin hitz egitea.”
Horrekin batera, jasoko den informazioa errespetuz landuko dela azpimarratu nahi izan zuen Arrutik “gaia oraindik delikatua da eta jendeari gogoratze hutsak mina ematen diola jakitun gara.”

Hitzaldia

Iñaki Egañak aurkezpenaren ondoren hitzaldia eskaini zuen “1936ko gerra Lasarte-Orian” titulupean.
Besteak beste Lasarte-Oriaren inguruko gerra garaiko datu eta informazioak biltzearen zailtasunak azaldu zituen kontutan izanda herri desberdinen lurrak zirela egun herria osatzen dutenak.