Multimusikala batukada doinuz hasi zen arratsaldeko 18:00ak pasatxo zirela. Aldarrikapenez betetako perkusio kolpeak jo zituen Dinbi Banda batukadak hainbat herritarrez lagunduta. Guztira 50 bat lagun inguru bildu ziren manifestazioan, kultura aske eta herrikoiaren aldeko deiaren atzean.
Behin manifestazioa bukatuta, gaueko ordu txikiak arte etenik izango ez zuen festari eman zitzaion hasiera.
Tabernetako kontzertuei ekin baino lehen ordea, Rafafa magoaren ikuskizun umoretsua izan zen Gure Etxean eta Okendo zein Sagardotegi plazan berriz, graffiteroak aritu ziren paneletan euren talentua erakusten. Gainera, Intxaurrondotik etorritako Parasitos XXL raperoek egungo gizarteari kritika zorrotza egin zioten Okendon bertan, errimaz errima.
Taberna guztiak sutan
Iaz kontzertu nagusiak Okendoko karpan egin baziren ere, oraingo honetan herri osoan zehar barreiatu zen festa giroa, taberna desberdinetan zehar.
Kontzertu guztiek izan zuten euren xarma, baina bereziak izan ziren batzuk, Aurka taldearen azken kontzertua esaterako. Ibilbide luzearen ostean, agur esatea erabaki du herriko taldeak, eta Avenidan bildutako jendetzaren aurrean kontzertu hunkigarria eskaini zuen.
Aipagarria bide batez Mendi Kafe Rock aretoan Jonnhy Cash handiaren bertsioak joz aritu zela Low Riders talde eslovakiar-txekiar-zumaiarra. Nola ahaztu Ilargiko “ukuiluko” kontzertu beroak, Desegin usurbildarrak eta The Garax herritarrek infernu bilakatu zuten Ilargiko sotoa. Edota Okene Abrego eta Mariano Hurtadok (MMa) Siglo 20en hausnarketarako bide ematen zuen kontzertu-errezitaldi ikusgarria, kontrabaxu bakrraren laguntzaz.
Kontzertu guzti horiez gain, Trumoi ondoko labaderoan, Abend, Insausti, Jalgi eta Bar de Maun ere izan ziren kontzertuak: pop-a, metal-a, rock´n´roll-a eta DJak gaueko ordu txikietara arte.
Antolatzaileak oso kontent zeuden Multimusikalak eman duenarekin, baina aurrerantzean egingo bada, herritar gazteen beharra izango dutela azpimarratu zuten.


