16_Alboka eta Zero Setteren doinuak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 16a

Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta Alboka abesbatzak kontzertuak eskaini dituzte asteburuan. Zero Settek 25. urteurren ospakizunekin amaitzeko kontzertua eskaini zuen larunbatean herritarren aurrean, Piazzolla Project hirukotearen laguntzaz. Albokak berriz, Gabonetako kontzertua eskaini zuen igandean Brijidatarren komentuan, kantabriako Comillas herritik etorritako Brumas Norteñas koruarekin batera.

Herriko Zero Sette Akordeoi Orkestrak 2012an egin ditu 25 urte, eta urteurren ospakizunekin amaitzeko, larunbatean kontzertu goxoa eskaini zuen kultur-etxean. Albokak berriz, datorren urtean beteko du 25. urteurrena, baina aurretik, Gabonetako kontzertua eskaini zuen Brijidatarren komentuan, baserritarrez jantzita gabonetako kantuak abestuz.

Piazzolla Project Trio
Ana B. Garcia pianistak, Susana Cencillo akordeoi-joleak eta Juan Ignacio Emme txeloak osatutako hirukoteak kontzertu zoragarria eskaini zuen kultur-etxean Astor Piazzolla konpositorearen errepertorioko zenbait obra interpretatuz.
Gainera, Udal Musika Eskolako ikasle Andrea Gonzalezek Kepa Junkeraren “Huriondo“ obran lagundu zuen, maisuki.

Brumas Norteñas
Igande eguerdian berriz, kantabriako Comillas herritik gurera etorritako “Brumas Norteñas” abesbatzak kantabria aldeko mendi zein itsas kantu tradizionalak eta gabonetakoak uztartu zituen. Bitxikeria gisa, euskarazko “Haurtxoa sehaskan” lo-kanta abestera ere ausartu ziren kantabriarrak eta jendeak zutik txalotu zituen. Amaieran, Albokak eta Brumas Norteñasek oroigarriak trukatu zituzten, eguna gogoratzeko.