Kaixo aurkeztuko naiz, ni Mari Domingi nauzue. Eta istorio bat kontatuko dizuet:
Aspaldian ni eta beste lagun batzuk ikatz-opari banaketa eskolan egon ginen ikasten. Garai hartan ikatza zen oparirik preziatuena neguan behintzat. Ikasketa haietatik lana lortu nuen. Hortxe ibiltzen nintzen oihartzun handirik gabe nire lana ahalik eta hoberen burutzen. Baina lanak batzuetan gainditu egiten ninduen, lan gehiegi EH-ko txoko gehiegi bisitan joateko gau batean. Anbotoko anderearekin hitz egin eta laguntzaile bat jarriko zidatela adostu genuen. Eta horrela Olentzeroren praktikak bideratu nituen, eta biok elkarrekin lanean hasi ginen.
Hilero bilerak egiten genituen nagusiekin, bilerak amaitzean trago batzuk hartzera joaten ginen, beno joaten ziren, kasualitatea ziurrenik baina gizonezkoak ziren guztiak: Basajauna, Nikolas, Martintxo, Jupiter, Olentzero… Bitartean ni, Basandere, Sorgina, Anbotoko anderea, Baubo, Lamia eta beste emakumeak esparru "pribatura" gure eginkizunak betetzera: zainketak, sukaldaritza, garbiketak…Olentzerok ere bazuen nor zaindu, ama gaixo zuen eta, baina sorgina bidaltzen zuen eginkizun horretara. Eta beste gizonezkoek ere bazuten zer egin, baina beste norbaitek egiten zien lana. Olentzero eta nagusiak harremana estutzen joan ziren bilera oste horien eta bestelako parranden ondorioz. Zein ondo pasatzen zuten, hura bai dibertimendua, zenbat par…kar kar kar..
Abestiak sortu ziren Olentzeroren inguruan. Olentzero tipo ezaguna egin zen. Plaza gizon ezinbestekoa… Eta ni? Nik neure lanean jarraitzen nuen. laneko agenda prestatzen, egin behar nituen bilerak egiten Olentzeroren hitzaldiak antolatzen, bera bihurtu zen gure lanaren mezulari (gaur egungo marketina), banaketa lanak ere gehitu egin zitzaizkidan Olentzeroren ospeari esker eta Olentzeroren konpromisoen erruz, eta nola ez, zainketa, garbiketa, sukaldaritza,... Nazkatu egin nintzen. Olentzerok ez ninduen behin ere aipatu bere hitzaldietan eta parrandetan bere laguntzailea nintzela esan ohi zuen, prakak eta atorra garbitzen nizkiola. Horixe bakarrik falta zitzaigun, ni Olentzeroren neskame!! Bere emaztea nintzela ere entzun behar izan nuen. Ezta pentsatu ere!
Eta emakume publikoa bihurtzen joan naiz, ezaguna, beti hor egon naizelako. Eta beste emakumeek bisibilizatu nautelako. Eta nire antzera zenbat emakume izan dira historian, mitologian, egunkarietan, ikerketetan, …ahaztuak, ezabatuak hobe esanda.
Orain murrizketak daude gurean ere, ezetz asmatu noren lanpostua dagoen arriskuan? Bitartean etxe batzuetara ni joaten naiz eta beste etxeetara Olentzero… Zurera nor joango ote da?
Amaitzeko mila esker Txintxarriri fikziozko zutabe fantasioso hau idazteko aukera emateagatik… nondik atera ote ditut halako okurrentziak??