Kirola ezberdinak ezagutu

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 17a

Gabonetan aspertzeko astirik ez da izango. Lasarte-Oriako Kirol zerbitzuak Kirol eta joko ekintzak antolatu baititu 8 eta 11 urte bitarteko gazteentzat.

Lasarte-Oriako Udal Kirol Zerbitzuak kirol eta joko ekintzak antolatu ditu, 2001, 2002, 2003 eta 2004ean jaiotako neska-mutilentzat. Jarduera honetan parte hartzen duten gaztetxoek, Gabonetan lagun berriak egiteaz gain, kirol eta jolas berriak ere ezagutzeko aukera izango dute. Saioak urtarrilaren 2an, 3an eta 4ean izango dira, Lasarte-Oriako Udal Kiroldegian goizez, 9:30tik 12:30era. Kirol zerbitzuak jakitera eman duenez, taldeak gehienez 20 partaide izango ditu.

Ekintzak
Kirol jarduera honetan jolas eta kirol ezberdinak egingo dituzte hala nola, izotzean patinatuko dute eta ur ekintzak ere izango dituzte kiroldegiko igerilekuan. Honetaz gain irteera bat egingo dute Donostiara. Honetan “Txuri-urdin” izotz pistan ederki gozatu eta Anoetako estadio ezagutu ahalko dute gaztetxoek.
Kirol Zerbitzuak jakitera ematen duenez, prezioan sartuta daude hamaiketakoa, garraioa Donostiara eta erabiliko den kirol materiala.

Izena ematea
Kirol jarduera honetan izena eman ahal da dagoeneko. Prezioa 36,80 eurotakoa da kiroldegiko bazkide direnentzat. Izena eman edo informazio gehiago eskuratzeko Lasarte-Oriako Udal Kiroldegiko bulegoan egin behar da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara.
Era berean, plazak hartzeko inskripzio hurrenkera errespetatuko dela jakitera eman du.