Lasarte-Oriako talogileak jo eta su arituko dira lanean bihar arratsaldean taloak erre eta jende artean banatzeko. Eta geroari begira, taloak egiten ikasi nahi duten haurrek, horretarako aukera izango dute aurreko urteetan bezala. Taloak egiteko tailerrean ederki pasatzen dute haur eta gaztetxoek, irinez eskuak zikindu eta gero beraiek egindako taloak dastatuz.
Telleri baserriko txerria ekarriko dute Okendo plazara. Talo eta gaztainak 2,00 eurotan salduko dira eta taloarekin egindako ogitartekoak 3,50 eurotan.
Arratsaldeko 17:30ean hasiko da egitaraua haurren erromeriarekin. 18:00ak inguruan aterako dira Xumela abesbatzakoak plaza inguruan gabon kantak abesteko, gutxi gorabehera 18:30ean Earra! Bertso eskolako bertsolariek kantatuko dute eta ondoren hasiko da erromeria. Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak, plaza dantza, Erketz, Amalur-eko musikari eta herriko txistulariak saiatuko dira plazan bildutakoak dantzan jartzen.
