Ongi etorri, Olentzero eta Mari Domingi

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 21a

Abenduaren 24an, astelehenean, iritsiko da arratsaldez Olentzero, Xixuko eta Mari Domingirekin batera Lasarte-Oriara. Okendon dauka herriko haurrekin hitzordua, arratsaldeko 18:00ak inguruan eta bertan izango dira Porrotx pailazoa eta beste hainbat lagun ere. Aurretik Loidi-Barreneko frontoitik Okendora kalejira egingo du trikitilari eta batukadarekin batera. Txintxarri.info-ko lagunak egon dira Olentzero eta Mari Domingirekin beraien baserrian eta guztia prestatzen aurkitu dituzte, ikatza egiten, astoa garbitzen eta opariak prestatzen.

Loidi-Barreneko pilotaleku ingurura iritsiko da datorren astelehenean 17:00ak inguruan Olentzero eta handik abiatuko da minutu batzuk beranduago Okendo plazara, Amalurreko Trikitilariekin eta Dinbi Banba batukadako partaide zaratatsuekin batera. Kuadrillategi, Gazte Kluba Amaraun ludoteka eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute kalejiran, nahi duten herritar guztiekin batera.

Kriseiluak
Amaraun ludotekako arduradunek Olentzeroren ibilbidea argitzeko kriseiluak egiteko gonbidapena luzatu die haur eta gurasoei. Iaz plastikozko edota metalezko poteekin eta laranjekin egindako kriseilu soil eta politak egin zituzten, oso esperientzia polita izan zen eta aurten errepikatzea erabaki dute.
Ondo garbitutako potoetan edota barrutik hustutako laranjatan kandela jartzea nahikoa da kriseilua egiteko.

Gazte Klubeko gazteak ere elkartu dira hurrengo astelehenerako jantziak eta kriseiluak prestatzeko.
Gainera, Alboka abesbatzako kideek ere kantatuko dute Okendon Olentzeroren ongi etorrian.
Kalejiraren ondoren haurren gutunak jasoko ditu Olentzerok Okendo plazan, Xixuko, Mari Domingi, Porrotx eta beste hainbat lagunekin batera.

Mari Domingi eta Olentzerorekin egon dira euren baserrian aste honetan Txintxarri.infoko lagunak, eta biek esan dutenez, batetik oso lanpetuta dabiltza hilaren 24rako guztia prestatzen, baina bestetik Okendoko plazan haurrekin elkartzeko irrikitan ere badaude.

Astoarekin batera
Olentzero ikazkinak jada prest omen dauka banaketa egiteko astoa. Egurrikatza ere egin dute txintxo portatu ez diren haurrei emateko.

Beti bezain goxo, animaliei jaten ematen zien bitartean kontatu zigun Okendon egongo dela urtero bezala, eta asko gustatzen zaiola plazara jaistea han egoten direlako Xixuko, Porrotx eta beste hainbat lagun.
Egun magikoaren zain dago Mari Domingi ere, irakurtzen ari omen dira jada jaso dituzten eskutitzak, eta astelehenean ere lana izango dutela eskutitzak irakurri eta opariak prestatzen. Txintxo portatu diren haurrek jasoko dituzte opariak gauean.

Xixuko eskoletan
Astelehen eta asteartean Xixuko herriko ikastetxeetan izan da Lasarte-Oriako haurrek Olentzerori egindako marrazkiak jasotzen.

Herriko neska mutilen marrazki horiek Olentzeroren ongi etorrian jarriko dira datorren astelehen arratsaldean Okendo plaza itxuratzeko.

Kalejira jendetsua
Ttakun elkarteak prestatuko du Olentzerori ongi etorria. Gutxi gorabehera 17:00etan iritsiko da Loidi-Barreneko frontoi ingurura eta ondoren, bertan elkartuko diren guztiekin, batukada eta trikitilarien laguntzarekin abiatuko da Okendo plazara.

Ordu erdiko kalejiraren ondoren Okendo plazan egongo da Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx-ekin batera urtero bezala haurren muxuak eta gutunak jasotzen.

Giro eta musika ez da faltako plazan, 18:00etatik aurrera Alboka abesbatza eta Amalur trikitixa eskolako neska mutilak jardungo baitira, Bertso Eskolako gazteekin batera. Gabon, kantak, musika, bertsoak... Olentzerori harrera beroa egiteko.

Egun osoan, gabon kantak
Gainera, astelehenean Eguberri bezperan hainbat talde aterako dira gabon doinuak abestuz herriko kale eta baserrietan. Goizean, 10:00etatik aurrera, Zabaleta auzoan eta auzo inguruko baserrietan gabon kantak abestuko dituzte auzotarrek eta Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak aterako dira Olentzeroarekin kantuan 11:00etan.

Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan. Bestalde, baserriz baserri kantatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldekoek.
Beraz jai giroa herriko etxe, baserri eta txoko guztietan zabalduko da egun osoan zehar.