Gabonetarako egitarau oparoa antolatu du udalak herriko hainbat elkarterekin batera. Egun hauetan bereziki haurrentzako ekintzak prestatu dira euren oporraldian aspertzeko paradarik izan ez dezaten.
Gaurkoan Ttakun kultur elkartearen eskutik Santo Tomas azoka izango da Okendo plazan arratsaldeko 17:00etatik 20:30 bitartean eta bertan talo eta txistorra postuak, gaztainak eta sagardoa izango dira besteak beste. Ohi bezala txerria ikusgai izango da eta Amalur eskolako trikitilariek girotuko dute jaia bertsolariekin batera. Erromeria Erketz EDT-ko lagunekin egingo da eta haurrentzako tailerrak ere egingo dira.
Haur parkea
Datozen egunetan berriz, bada herrian Gabonetako egun hauetan zer eginik.
Abenduaren 22an Eguberrietako Haur Parkearen lehen eguna izango da Michelingo kirol gunean eta abenduaren 31 arte zabalik izango da.
Parkearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara eta 250 pertsonentzako aforoa izango du udalak jakitera eman duenez.
Aurten Eguberrietako parke berezi honek adinaren araberako bi gune ezberdin izango ditu.
Frontoian, urtero bezala, 0-11 urte bitarteko haurrentzat puzgarriak, jokoak eta eskulanak egongo dira. Azken honen baitan hainbat tailer burutzeko aukera izango da besteak beste malabareak, birziklatutako materiala lantzekoak, ludotekatxo bat ere egongo da, puzgarriak, bola igerilekuak eta guzti honetaz gain, EHP osoan zehar euskarazko hiru emanaldi berezi ere egingo dira.
Tenisean berriz, 12-14 urte bitarteko gaztetxoentzako karpa erraldoi bat egongo da.
Karpa klimatizatu honetan jokoa ezberdinak izango dira: futbolin erraldoiak, ping pong mahaiak, air hockey-a, scalextric erraldoia, zezen mekanikoa…
Gune honekin pozik azaldu da udala “aurtengoan adin tarte zabalago bat hartu nahi izan dugu EHP-aren planteamenduarekin eta horrela eskaintza hobe bat egin”.
Langabetuak EHP-an
Honetaz gain, parkearen kudeaketari dagokionez udalak azpimarratu nahi izan du “aurtengoan herriko Langabetuen Plataformari eman zaio sarreren salmenta eta tabernaren kudeaketa”.
Irabaziak Plataformarentzat izango dira bere osotasunean eta “honen bitartez Lasarte-Oriako udalak nolabait gure herrian egoera ekonomiko larria pairatzen ari diren langabeei lagundu nahi izan die ekimen honekin”.
Gainontzean sarrerari dagokionez herritar guztien eskura egon dadin ere, helduek euro 1eko sarrera ordaindu beharko dute eta haurren kasuan doakoa izango da parkera sartzea.
Ur festa
Abenduaren 24ean Olentzero eta Mari Dominigiri ongi etorria egingo zaie Okendo plazan Ttakunek antolatutako jaialdian. 17:20ean hasita, Loidi-Barreneko pilotalekutik kalejira egingo da eta 20:00ak bitartean iraungo du jaialdiak.
Abenduaren 26an kiroldegian haurrentzako ur festa erraldoia antolatu da 10:00etatik 12:00etara eta bertan parte hartu ahal izango dute 2000-2007 urteen bitartean jaiotako haurrek.
Kiroldegiko arduradunek gogoratzen dute umeak bakarrik sartuko direla igerilekuan eta igeri egiten jakin behar dutela parte hartzaile guztiek. Behintzat olagarro maila eskatzen zaie umeei parte hartu ahal izateko.
Musika komentuan
Abenduaren 28an Oiartzungo Lartaun abesbatzaren kontzertua entzun ahal izango da Ama Brigitarren komentuan 19:30etik aurrera.
Maddalen Dorronsorok zuzendutako taldeak emanaldi polita aurreikusten du. Lehen zatian kanta erlijiosoak eskainiko ditu abesbatzak eta pianoan Amaia Dorronsoro herritarraren laguntza izango du.
Bigarrenean berriz, euskal gabon kantak, jai giroko kantak abestuko dituzte entzuleen gozamenerako.
Abesbatzak 1964. urtean hasi zuen bere ibilbidea eta 70.hamarkadan asko izan ziren eskuratutako sariak. Danok Kide elkarteak antolatutako kontzertua da hau eta sarrera irekia eta doakoa izango da ohi bezala.
Elurra
Kuadrillategiko gaztetxoek eskiatzera irteerak egingo dituzte opor hauetan. Adinaren arabera bi talde antolatu dira eta batzuk Baldezkaraira joango dira abenduaren 28 eta 29an eta besteak Arettera urtarrilaren 2tik 3ra.
Bigarren irteera honetan KTGko partaideek eta DBH1-DBH4 arteko beste edozein gaztek parte har dezake, nahiz eta lehentasuna KTGkoek izango duten. Gurasoekin bilera bihar, abenduaren 22an izango da 17:30ean, Ttakun Kultur Elkartearen gazte lokalean eta gaur da honetan izena emateko azken eguna.
Zinema
Manuel Lekuona kultur etxean egun hauetan ere izango da zer ikusia.
Abenduaren 23an 17:00etan “Las aventuras de Tadeo Jones” haurrentzako film arrakastatsua ikusi ahal izango da. Abenduaren 27an berriz 21:30ean eta 30ean 19:30ean helduentzako “A casa por Navidad” filma eskainiko da eta abenduaren 30ean ere haurrei zuzendutako “Hotel Transylvania” 17:00etatik aurrera.
Erregeak Udaletxe berrira
Urtarrilaren 5ean Erregeen Kabalgata egingo da MEGABA elkartearen eskutik. Goizeko 12:00etan hasiko dute eguna eta Okendo plazan erregeen laguntzaileak egongo dira haurren eskutitzak jasotzen. Bertan ere haurrentzat tailerrak antolatuko ditu elkarteak.
Arratsaldean berriz, 18:00etatik aurrera Oriatik abiatuta Erregeen kabalgatari hasiera emango zaio.
Aurtengoan berrikuntza izango da desfilean izan ere, Hiru Erregeek udaletxe berriko balkoitik agurtuko dituzte Okendo plazan bildutako haurrak: muxuak berriz, Udaletxe berriko harreran banatuko dituzte eskutitzak hartzearekin batera.
MEGABA elkarteak gainera zuziak eraman nahi dituztenentzat izena ematea zabalduko duela jakin arazi du. Urtarrilaren 5ean lan hauetan aritzeko 13 urte baino gehiago izan behar dira eta izena ematea abenduaren 27an 19:00etan Manuel Lekuona kultur etxean egingo den bileran egin beharko da.
Bilera honetan informazio guztia eman eta akreditazioak banatuko zaizkie parte hartzaileei. Elkartetik gurasoak ere bileran egotea gomendatzen dute.
Argi gutxi
Egitarauaz gain, bestelako azalpenak ere eman nahi izan dituzte udaletik Gabonak direla eta.
Horrela Gabonetako argiei dagokionez, aurtengoan, iaz egin bezala, oso argi gutxi jarri dituztela eman dute jakitera.
Azaldu dutenez aurrezteko erabakia izan da hartu duena. Izan ere, “argi hauek ez dira udalarenak eta urtero alokatu behar izaten dira honek suposatzen duen gastu handiarekin. Diru xahutze bat da gure ustetan,” adierazi zute. Gainera “argiaren kostua ere ordaindu behar dela” azpimarratu nahi izan dute.
Hau dela eta udalak soilik herriko hiru puntutan kokatu ditu argiak, udaletxe zaharreko balkoian, Atsobakarren eta Brigitarren plazan.
Hiru gune hauetan jarritako argiek 6.000 euroko gastua eragingo dutela azaldu nahi izan dute eta “gure ustetan nahikoa eta gehiegi da bizi dugun krisi ekonomiko garai honetan”. Udalak bestalde, egun hauetan askoz erosketa gehiago egiten direla jakitun, gonbita egin die “herritarrek kontsumitu behar badute, herrian kontsumitzera gonbidatu nahiko lituzke, komertzio txikiak berdin herri bizia”.
Gabonak Atsobakarren
Herrian hala ere, haurrentzako egitarauaz gain bada Atsobakarreko egoitzan dauden aitona-amonentzako ekintza berezirik. Bertan Gabonak ospatzeko egitaraua gaur hasiko dute Gabonetako pregoia eta Santo Tomas festarekin eta Eguberriko kontu-kontariaren bisitarekin. Gozogintza tailerra burutuko dute eta mezak izango dituzte aukeran besteak beste. Guatemalari buruzko hitzaldi berezia izango dute Jose Antonio Muñoz De Ana-ren eskutik.
Abenduaren 24an, zuhaitza piztu eta Musikoterapia saio berezia egingo dute. 25ean bazkari bereziaren ostean jaiotza bizia eta Gabonetako kantak abestuko dituzte. 26an Jalguneko lagunen bisita izango dute eta 27an, osteguna, Emakumearen Zentro Zibikoaren Batuka ekitaldia eta Biyak Bat elkartearen Aerobik saioa ikusiko dituzte. Ostiralean berriz, Emakumearen Zentro Zibikoaren “Caminito a Belén” antzerkiaz gozatuko dute eta larunbatean Semblante Andaluz-en emanaldia bereziaz. Urteari amaiera emango diote afari eta festa handiarekin.
Urtarrileko lehen egunetan irteera egingo dute Brigitarren komentura eta Bingo berezia izango dute. Nagusilaneko abesbatza ere bisitan izango dute eta Irune Galanen biolontxeloaren doinuak entzungo dituzte. Erregeei harrera egingo diete eta oparien banaketa egingo da. Egun berezi hauetan Atsobakarren ere ez da aspertzeko tarterik izango.

