Onartu da Atsobakarreko hobekuntza lanen kontratua aldatzea

maider-azurmendi 2012ko abenduaren 21a

Ez ohiko udalbatzarrak presazkotzat onartu du Atsobakar egoitzan lanak burutzeko kontratoaren aldaketa. EAJ abstenitu egin da kontratoaren aldaketa honek zalantzak sortzen dizkiola azpimarratuta.

Hirigintza izan dute hizpide gaur ez ohiko udalbatzarrean. Alderdiek baieztatu dute Atsobakarreko hobekuntza lanen kontratuan aldaketak onartzea presazkoa zela eta hala egin dute kontutan hartuta diru laguntza bat zegoela honetara bideratuta 2012. urterako.

Atsobakar berritzeko proiektua 2009. urtekoa zen. Hainbat fasetan burutu dira hobekuntza lanak zaharren egoitzan eta orain Aldundiak hainbat behar ikusi eta hauek kontratoan sartu eta marko legal bat ematea beharrezkoa zela azpimarratu du Pablo Barrio alkateak. Bozkatzeko garaian alderdi guztiek aldeko bozka eman dute EAJ izan ezik, bi zinegotziak abstenitu egin dira eta Estitxu Alkortak azaldu du jarrera honen arrazoia. Alkortarentzat zalantza handiak daude kontratu honen inguruan "Lan txostena ez zaigu erraztu eta ondorioz ezin izan dugu behar bezala aztertu, hala ere, ez daukagu argi legalki burututako prozesua egokia den, eta gastu berri hauek beharrezkoak diren ere ez dakigu".

Gastuaren beharra zalantzan
Alkortak azaldu moduan aurreikusi gabeko 127.000euroko gastua suposatzen du "gastuen %75a aldundiak jarriko duela suposatzen da diru laguntza baten bitartez baina hala ere, udalaren gastua kontrolatzeko konpromezua hartu genuen eta ez dut egoki ikusten orain 127.00euro hauek gastatzea".

Nerea Sanchez hirigintza zinegotziak erantzun dio datu hori okerra dela eta 127.000 euro horien %75 dela hain zuzen aldundiak itzuliko duena, beraz udalarentzat ez dela hainbesteko gastua. Alkortak txostena behar bezala aztertu nahiko lukeela adierazi du eta hala bukatutzat eman da ez ohiko udal bilkura.