“Premiazkoena testigantzak jasotzea da”

jon-altuna-iza 2012ko abenduaren 21a

Islada Ezkutatuak, izena jarri diote oroimen historikoa gorde dadin lana egingo duen Lasarte-Oriako taldeari, "propio, ezkutatuak hainbat urtetan derrigorrez ezkutatu edo isilduak izan direlako" Aurreko ostegunean Villa Mirentxun aurkeztu zuten eta jendez gainezka egon zen aretoa. Galdera asko ditu taldeak egiteko, baina guk ere galdera batzuk egin genien orain arte egindako lana eta gerorako asmoak ezagutzeko.

Harrera oso ona izan du “Islada Ezkutatuak” 1936ko gerra eta ondorengo urteetan Lasarte-Orian gertatutakoak jasotzeko sortu den taldeak. Taldeko partaideek esan dutenez, lehenengo lana adineko pertsonen testigantzak jasotzea izango du. Beraien ustez, asko dira herrian barruan gorde dutena kontatzeko prest daudenak. Horretarako taldeko kideekin jarri daitezke harremanetan, argazkian ageri dira, eta telefono zenbaki bat ere eman dute: 695 756 556.

Ostegunean aurkeztu zenuten Islada Ezkutatuak. Zer nolako harrera izan duzue?
Espero genuena baino hobea. Beldurra genuen, soilik dozena erdi bat lagun azalduko ote ziren, baina aretoa bete egin zen: Zutik, eserita adina, zeuden. Eta ez hori bakarrik, jendeak parte hartu egin zuen, hizketarako gogoarekin hurbildu zen.

Harrera eta jarrera ona beraz...
Bai, zalantzarik gabe. Zenbaitek pentsatuko zuen, "ba zen garaia, guk hau kontatzeko modua izateko".
Konturatu gara jendea hitz egiteko gogoarekin dagoelako izan duela harrera ona. Jende askok zuen hau buruan duela urte batzuek, guk genuen bezalaxe. Gu ere askotan mintzatu gara honetaz, baina ez zen gauzatzeko momentua heltzen. Behin taldea sortu eta aurkeztuta jende asko etorri zaigu gogoarekin eta ez-ustekoak izan ditugu. Oso gertukoek kontatu dizkigute espero ez genituen hainbat gauza.
Aurkezpena baino ordu erdi lehenago Villa Mirentxun ziren batzuek "gauza asko ditut kontatzeko" esanaz.

1936ko gerra bizi izan zutenen testigantza jasotzeko asmoa duzue beraz, ezta?
Gero ez dakigu zer egingo dugun informazioarekin, baina, jasotzeak dauka urjentzia.

Deia luzatu duzue herritarrek oroitzen dutena kontatu dezaten, sumatzen dut itxaropen handia duzuela?
Bai. Eta uste dugu gaiari pixka bat berandu heldu diogula. Ez zen egin esate baterako duela 15 urte. Beste herri batzuetan gauza dexente egin dira, norbaitek bideak ireki ditu, jendea lasaitzen ari da gai honekin, eta agian orduan lortuko ez zena orain lortuko dugu. Gure alde jokatzen du horrek, hitz egiteko hainbeste beldurrik ez izateak, baina bestalde galdu ditugu testimonio batzuek.

Iñaki Egañak konkretuki informazioa biltzeko zailtasunak aipatu zituen...
Bai, herria ez zenez Udaletxe ezberdinetan dagoelako.
Ikerketan bestela ere zailtasunak izango ditugu. Dena den, informazio asko dago, begiratzen hasi eta lubakiei edo gerrako fronteari buruzko hainbat datu jaso ditugu intern, liburu eta abarretan. Aurten jakin dugu fusilatuak ere izan zirela Lasarte-Orian. Informazioa jaso, zerrenda batzuek egin eta ikusi genuen, zantzu batzuek bageneuzkala tiraka hasteko eta ikerketa serioago-zorrotzago bat egiteko.

Zerbait aipagarria esan al zuen Iñaki Egañak bere hitzaldian?
Olinpiaden kontuak harritu gintuen. Berlinen egin behar ziren, gero alternatiboak Bartzelonan, Katalunian muga pasatzeko zailtasunak egon ziren, Irundik hasi omen ziren kanpoko kirolariak pasatzen eta atzerritarrek ostatu hartu omen zuten Lasarte-Orian.

300 pertsonaren zerrenda aipatzeak ere harritu gintuen, baina kontutan izan behar da 15 egunetan gerrako frontea hemen egon zela eta denak ez zirela bertakoak izango.
Andoain bonbardatu zuten abioiak Hipodromotik ateratzen omen ziren.

Villa Mirentxun aurkeztu zenuten, gerra Komandantzia izandakoan, nahita izan al zen?
Bai. Gero ez zen erosoa izan, jende asko joan zelako eta zutik egon behar izan zirelako.

Txiki geratu bazen, babesa ere bada hori taldearentzat...
Bai, noski.

Nondik hasteko asmoa duzue?
Premiazkoena testigantzak jasotzea da. Batez ere adineko pertsona batzuena. Hortik hasi beharko da.

Azkar egin beharko da lana adinean aurrera doazelako?
Hori da. Poxa eman zigun 90 urtetik gorako pertsonak aurkezpenean ikusteak.

Herrian zenbat dira gerra ezagutu eta bizi direnak?
Asko ez. Eta denak ez ditugu ezagutzen. Etorri zirenak ikusita, denok hartu ditugu ez-ustekoak.
Kontatzeko gertaera kopurua eta gerraren ezagutza maila ere desberdina izango dute...
Kontuan izan behar da, orain 90 urte dituenak orduan 14 urte zituela. Mutil edo neska koskorrak ziren eta oso gertuko gauzak gogoratzen dituzte umeek, etxeko kontuak.

Badakigu, gerra ostean 12 urteko umeei jipoiak eman zizkiotenla euskaraz hitz egiteagatik. Ume zirenek eskolan sofritu zituzten zigorretaz asko izango dute esateko.

Badira fusilatuak edo kartzelan egon zirenak, baina aipagarriak dira herrian gelditu zirenak ere, amek, emakumeek edota seme alabek jasan zuten gosea eta miseria.

Etorkin batzuek egongo dira beste toki batzuetan "sofritu" zutenak gerra... Testigantza horiek jasoko al dituzue?
Gustatuko litzaiguke. 60. hamarkadan etorri ziren etorkin asko desterratuak etorri ziren. Jon Maia bertsolariak kontatzen du bere familiakoak ez zirela etorkinak deportatuak baizik. Kasu askotan, etorri zirenak egurtuta zetozen. Zailtasunak izango ditugu horretara iristeko. Duela zenbat denbora hasi zineten egitasmo honekin. Iazko martxoan. Aurretik lubaki baten arrastoarekin ibili ginen.

Lubakiak 15 egunean frentea hemen egon zelako...
Andoaindik Lasartera ailegatu ezinik 15 egun. Donostia hartu aurretik. Herrikoek ere parte hartu zuten, baina trebatuenak kanpokoak ziren. Lasarte eta Oriaren artekoa orain hasi gara ulertzen. Garbi ikusi dugu hemen bi gizarte zeudela, apartekoak, Lasarte aldekoak nekazariak, nazionalistak ziren eta Oria industrializatuan, fabrikaren inguruan, sozialista, komunista eta anarkistak, denetarik zegoen. Bi mundu ziren. Bi ikuspegi ezberdinetatik bizi izan zuten gerra. Administrazio aldetik zatituta eta gizartea ere bai.

Denetarik zen beraz jazartuen artean...
Ziurtatu dugu bost lasarteoriatar gutxienez fusilatuak izan zirela kanpoan eta gutxienez beste bost kanpotar Lasarte-Orian fusilatuak. 19 izan daitezke hildako herritarrak.
Gerra galdu zuten gehienek gero kristoren pasada hartu zuten, frentean ibili zirenen senideei isunak jarri zizkioten, etxeak kendu, lanik ez eman. Hori dena pasatzea oso gogorra egin zitzaien. Bazen egun osoan zer eginik ez eta egunero Santa Barbarara joan, bolotan ibili eta etxera itzultzen zenik.
Oria auzoa hustu egin zen eta Lasarteko parte handi bat ere bai. Horietatik zenbat itzuli ziren? Gehienbat baserritarrak gelditu ziren, baina zerbaitetan aritu zirenak garbitu edo zigortu egin zituzten, baita errepublikaren administrazioarentzat lan egin zutenak, maisu eta abar.

Zerrenda batean zeudenek ez zuten lanik. Eta bestalde, lana eta mesedeak ere batzuek izan zituzten.
Fusilatuek ez dute hitz-egiterik, noski eta senideei ere asko kostatzen zaie...
Askok oraindik beldurra daukate, bileratik gu pozik joan ginen bezala, asko eta asko barrenak astinduta joango ziren etxera. Irudi gogorrak zabaldu ziren eta beraientzat gogoratzea ez da erosoa.
Ahal dena jasoko dugu. Urte asko pasa dira ordutik, eta trantsiziotik ere beste hainbeste, eta ez da ezer egin, dena ezkutatuta egon da, beraz, buruan frustrazio handia edukiko dute askok eta horrek pisu handia du.

Lan handia duzue, testigantzak jaso eta datuak biltzen...
Galtzak bete lan izango dugu.

Lan horietarako laguntzarik izaten al da?
Asmoa daukagu gai hauetan dabiltzan adituekin harremanetan jartzeko, talde horiekin kolaboratu eta euren lana guretzat baliagarri den ikusteko.

Zer garrantzia ematen diozue oroimen historia berreskuratzeari-zaintzeari?
Ispilu hautsiaren irudia erabili dugu, gure burua errekonozitzeko, azken finean, jakin behar dugu zein garen eta nondik gatozen. Guk ispilu horri begiratzen diogunean zulo beltz asko daude, ez dago osatua, horregatik jakin nahi dugu zer gertatu zen lehenengo, gero zein garen jakiteko.

Batez ere Lasarte-Orian, bere historia eta soziologia ikusita. Euskal Herriko historia jakiteko autodidakta izan behar duzu, eta herriko historia ezagutzeko ere bai. Orain arte ez da kontaketarik egon, eta beraz osatu egin behar sakabanatutako puzzlea.

Ez al dira iraganeko kontuak?
Ez atzo goizekoak dira.

Biloben lana al da kontaketa hori osatzea?
Hori esan zuen Iñaki Egañak, biloben iraultza dela. Argentinan amonak izan ziren eta hemen bilobak. Gerra pasa zuten askok ez dute kontatu, beldurra, gorrotoa eta hainbat sentimendu kontrajarri zituztelako, hurrengo belaunaldiek, aldiz, jakin nahi izan dute eta gurasoei galdetu. Dena den baziren beste batzuek, kontatu behar zutela argi izan zutenak.