44 urte Lasarte-Oria janzten

Nerea Eizagirre 2012ko abenduaren 21a

Lasarte-Orian egun arropa denda ugari dago. 70. hamarkadan, gutxi batzuk zeuden eta horietako bat dugu Anaiak jantzi denda. 1969an, Mendizabal familiak haur eta etxeko arropa saltzen zuen denda ireki zuen. 44 urte izan da gure herrian. Orain Floren eta Milagros Mendizabalek erretiroa hartuko dute eta bihar, abenduaren 22an, Anaiak denda itxiko da. Jabeekin izan gara urte hauei buruz solasean.

San Jose egunean 44 urte beteko zituen dendak. Ze bizkor pasa den!!,” adierazi digu Milagrosek Anaiak denda noiz ireki zen galdetzerakoan. “Ondo joan zaigu, gustura egon gara eta niretzako ez da lana izan. Oso jende ona izan dugu bertan eta penaz gaude ixteko baina ezin gara gehiago egon. Urte asko egin ditugu,” gaineratu du.

Lokala bilatu
“Ni lehenengoz Lasarte-Oriara etorri nintzen hileta batera eta orduan hemen denda bat jarri behar genuela esan bazidaten... ezta pentsatu ere. Guk orduan ez genuen pentsatzen denda irekiko genuenik. Baina gauzak aldatu ziren eta hona etorri ginen,” onartu du Milagrosek. Baina etorri zirenean ez zen Kale Nagusiko lokala haiek gogoko zutena. “Lehenengo Banco Santanderreko lokala hartzeko asmoa genuen. Gu itsututa ginen lokal harekin. Baina ezagun batek frenteko lokalak begiratzeko esan zigun. Orduan guztia zegoen egiteko, habeak ikusten ziren, guztia itsusi zegoen. Baina gustatu zitzaigun eta zortea izan genuen, oso ongi egon gara hemen,” onartu du Milagrosek.

Eta orduan, Lasarte zenean, horrelako denda gutxi batzuk zeudela aipatu digu, “guk denda ireki genuenean Nogues zegoen eta Gallegoek gure ostean ireki zutela uste dut. Txikia zen Lasarte. Lehenengo urteetan gutxi batzuk ginen”.

Hasiera
Gainera hasi zirenean egun duten arropa ez zutela azpimarratzen dute, “lehenengotan haurren jantziak eta etxeko arropa pixka bat izan genuen. Lau edo bost urte egin genuen horrela eta gero nagusien jantzia sartu genuen helduen arropa, denetik emakumeena, gazteena eta helduena, eta etxeko arropa gehiago. Bide horretatik jarraitu dugu urte guzti hauetan”.

“Eta guk nahiko konpleto jarri genuen. Herrirako nahikoa. Donostian denda gutxitan egongo ziren gurean bezainbesteko aukerarekin,” gaineratu du Milagrosek.

“guk denda ireki genuenean Nogues zegoen eta Gallegoek gure ostean ireki zutela uste dut. Txikia zen Lasarte. Lehenengo urteetan gutxi batzuk ginen


“Oso desberdina zen. Orduan bi denda izan genituen bata hemen eta bestea Hernanin. Kantitate handiak erosten ziren eta marka onekoak beti, ez denda txiki baten modukoa. Hau egiteko, bi denda handi edo hiru, lau edo bost txiki batu behar ziren. Gu horrela moldatzen ginen,” azaldu dute.

“Marka onenak hartu genituen. Orduan oso garrantzitsua zen markak izatea. Gaur ez da hain garrantzitsua. Gaur merke saltzen da, baina orduan beroki bat erosten zenean betiko izango zela pentsatzen genuen. Ondo josia, oihal ona,.. horretarako marka onak izan behar ziren,” gogoratzen dute.

Birziklatzea
Eta egun gauza asko aldatu direla adierazi digute, “orain ez da horrela, denboraldi batetik bestera birziklatzen joan behar da. Lehenengotik hasi eta azkenera arte. Ezin da geldirik egon, urtean eramaten dena jarri behar da salgai eta markak edo gauzak landu”. Hori oso garrantzitsua da, “asko ibili, asko ikusi... Hori egin dugu eta ongi joan zaigu,” onartu du Milagrosek.

“Lan asko egin dugu. Guretzako ordurik ez da egon. Orduak denak sartu ditugu ahal izan ditugun guztiak,” aipatzen du Florenek. Era berean, lau hamarkada hauetan moda ere asko aldatu da, “guztiz, arropak ikusi eta gutxi gora behera hori izan behar duzu dendan”. Eta egun saltzeko beste moduak aurkitu behar direla ere adierazi dute, “Gehiago borrokatu behar da. Gaur denda eta interneta izan beharko genuke aurrera ateratzeko, biak nahasiak”.

Jarraipenik ez
Honetaz gain, “urte batzuk gutxiago izango bagenitu gustura jarraituko genuke. Ondo menderatzen dugu gaia. Baina ezin da. Urteek ez dute barkatzen,” onartu du Milagrosek.

“Jarraitzeko jende berria hartu beharko genuke. Izan ere, azken urte hauetan gaixotasunak, etb. izan ditugu eta haiei irakatsi beharko litzaieke. Gogoakin honek aurrera egingo luke. Gazteagoak izango bagina, dudarik gabe jarraituko genuke,” baieztatzen du Florenek.

Familian ere jarraipenik ez dutela diote, “gazte guztiek euren ikasketak dituzte, karrera egin eta lana dute eta ez dute dendarekin jarraitu nahi. Ostiraletik astelehenera jai, hemen horrelakorik ez dago. Goizean, gauean, beti zegoen zerbait egiteko dendan. Gustura egin behar da lan hau”.

Lana eta lana
Izan ere, 44 urte hauetan arazo larririk ez dute izan, baina egoera ekonomiko desberdinak bizi izan dituzte.
“Guk asko ikusi ditugu gure denboran itxi dutenak eta guk ez dugu arazorik izan urte hauetan aurrera egiteko,” aipatu du Milagrosek. “Hala ere, lan asko egin dugu eta konstantea. Esate baterako, 14 urtetatik orain arte ez naiz sekula gaixorik jarri. Beti lanean. Hori oso zaila da,” onartu du Florenek. Katarroak izan dituztela eta hala eta guztiz ere, lanean jaraitu dutela adierazten dute harrotasunez. “Lan honetarako konstantzia behar da, oporrik ez da hartzen. Ordezkapen guztiak egin ditugu. Gustatuz gero arazorik ez,” onartu du Florenek. “Guk orain lan batzuk utzi ditugu, esate baterako, eskolekin egiten ditugunak, ezin delako egin. Orain ez dago atzera egiterik,” aditzera eman du gainera.

“Lana ez dago erraza baina pixka bat prestatua baldin bazaude eta lana eginez gero, aurrera ateratzen da. Dirua behar da horrelako negozio bat hasteko eta ezer ez baduzu ez dago zer eginik. Guk hau erosi genuen. Zortea izan genuen. Lokala erosi eta denda bete ahal izan genuen, hori hasiera baterako asko da egun,” aipatu du Milagrosek. Eta biek argi dute familaren laguntzarik gabe hau ez litzatekeela berdina izango, “familiak ere lagundu behar du. Prest egon behar da esku bat botatzeko, oso garrantzitsua da. Lagundu eta batu behar dira”. Eta horrela lanarekin eta konstantziarekin “denda mantendu eta etxean bizimodu normala izan ahal izan dugu”.

Kontxu langilea
Hau guztiaz gain, ezin dute Kontxu dendako langilea aipatu gabe utzi. Milagros azaldu legez, “Oso anekdota polita da. Hau ireki behar genuenean, ongi prestatutako neska bat behar genuela esan genion gure lehengusinari, Milagros Marzanari eta hark esan zigun hoberena Kontxu Uzkudun modistarengana joatea zela.”

Kontxu Uzkudun modistarengana jo “eta orduan neskarik ez zuela esan zigun, baina familia batean hiru edo lau alaba zituztela eta bertara hurbiltzeko aipatu zigun”. Familiaren etxera joan zirela aipatzen du Milagrosek eta “hantxe zebilen bera jertseak egiten haren amarekin. Gaztetxoa iruditzen zitzaigun, baina patxarakoa”.

“15 urte zituen. Baina ikusi genuen etxe onekoa zela eta bera hartzea erabaki genuen. Urte guzti hauetan egon da gurekin lanean, beste neska batzuk ere izan ditugu, baina bera izan da mantendu dena” adierazi du Florenek.“Ireki berarekin egin genuen eta baita itxi ere,” esan digu Milagrosek.

Lasarte-Oria
Herria aldatzen ikusi eta herritarrekin harreman estua izan dute Mendizabal anai-arrebak. “Buelta handia eman du Lasartek eta leku ona da orain,” aipatu du Florenek. “Zorrak lehen hamarretik zortzirena apuntatuta eramaten genuen eta gehienek ordaintzen zuten. Beti dago ganorabakoren bat, baina bat da, orokorrean jende zintzoa izan dugu dio Milagrosek. Gainontzean “jende ona dago Lasarten. Orain dendan sartzen direnean, “nora joango gara orain” galdetzen dute, “ohituak gaude hona etortzen”. Hutsunea utziko dugu eta guri ere pena ematen digu. Baina ez dago atzera bueltarik, larunbata 22 azken eguna.