“Desagertu nahi dut”

maider-azurmendi 2012ko abenduaren 21a

Ibilbide polita egin du lasterketen munduan eta bere herriko krosa laugarren aldiz irabaztea gogoan izango duen garaipen horietako bat da David Martin herritarrarentzat. Behobian lortutako marka bestalde, errepika ezina dela harrotasunez esaten du. Bere ohiko umiltasunarekin 2012. urtea agurraren urtea izan daitekeela dio.

David Martinek irabazi du aurten ere herriko krosa, bere laugarren garaipena izan da eta dirudienez azkena. Oholtza askotan sariak jaso ondoren bere korrikalari ibilbideari agur esatekotan da. Kirola egiten jarraituko omen du bigarren maila batean. Ohiko umiltasunez eta Aitor semea besoetan erantzun ditu galderak.

Lasarte-Oria Bai! Krosa irabazi duzu laugarren aldiz aurten. Espero al zenuen?
Egia esan ez. Utzita neukan eta uztaila aldean hasi nintzen behar bezala entrenatzen. Sergio, bigarren sartu zena, espero nuen berak irabaztea baina azkenean ni aurreratu nintzen.

Azken urte honetan entrenamenduen erritmoa jaitsi omen duzu. Ez da arerioa konfiatzeko estrategia bat izango?
Oso urte arraroa izan da. Niretzako oso zaila da motibatzea lasterketarik egin gabe orduan maiatza arte astean lau, bost aldiz joaten nintzen korrika egitera baina intentsitate oso gutxirekin, 12-15 km egiten hasi nintzen erritmo oso lasaian, hori zen nire asmoa ere.

Ekaina eta uztailean bi entrenamendu oso onak egin nituen eta orduan ondo sentitu nintzen lasterketetan parte hartzeko, ea noraino iritsi naiteke esan nion nire buruari eta hori izan zen hartutako erronka... Usurbilen kilometroa bataz beste 3,16 denboran egin nuen eta Lasarte-Orian kilometroa 3,08 inguru, azken astean asko hobetu nuen...

Oso emaitza onak eta Behobian 7. postua, harro egoteko moduko marka ezta?
Behobiako marka, 1:03:55ko denbora, errepika ezina eta marka izugarria da. Esnatu orduko nabaritu nuen oso ondo negoela, eguraldi aproposa zegoen korrika egiteko eta ondo ibiliko nintzela goizeean goizetik nabaritu nuen... oso oso gustura egin nuen korrika eta lortutako emaitza bikaina izan zen.

Zer da zuretzat korrika egitea?
24 urterekin hasi nintzen korrika egiten. Korrika egitea bakarrik eta ahal duzunean egin daitekeen kirola da eta ordu betean asko egiten da. Kirol honek ematen zidan malgutasuna izan zen korrika hasteko aitzakia, lan ordutegiarekin moldagarria egiten zitzaidan zaletasuna. Ondoren, emaitza onak eta lasterketak irabazterakoan indartzen zoaz eta gehiago egiteko gogoa areagotzen da.

Zenbat urte daramatzazu lasterketetan parte hartzen?
Hasieran Behobia eta Lasarte-Oria Bai! krosa egiten nintuen soilik. Txemak, herriko gizon batek esan zidan duela urte asko gorputza ondo eta forma hobean mantentzeko ona zela lasterketa gehiagotan parte hartzea urtean zehar.

Animatu nintzen eta Idiazabalgo Krosa izan zen lehena zerrendan, emaitza onak lortuta, animatzen joan nintzen eta parte hartzea ugaritzen lehen esan bezala. Hala ere ez ditut asko egin...

Urte batean zenbat lasterketetan parte hartu duzu?
Ez pentsa hainbeste egin ditudanik, azkenean emaitza onak beti mantendu ahal izateko neurria mantendu behar da. 2007 eta 2008a izan ziren urte potoloeneak eta bakoitzean hamar kros inguru egin nituen besterik ez, ez da asko. Aurten lau egin ditut Zumaiakoa ere egin nuen.

Dieta edo bestelako zaintza berezirik jarraitzen al duzu?
Ez naiz inoiz gauza horietan sartu. Agian bai krosa aurretik, aste bete aurretik pasta gehiago sartzen dut menuan, bi plater beharrean bakarra jan baina besterik ez.

Dieta zaintzea baino arreta gehiago eskaini diot beti pisuari. Nik ondo dakit zenbat kilotan komeni zaidan egotea eta hori mantentzen saiatzen naiz. Baina benetan denetarik jaten dut.

Mania berezirik ba al duzu lasterketeta egunetan?
Nik bai baditut, gure maniak ditugu denok, ezta? Adibidez, batzuk aipatzeagatik, bost edo sei urte daramatzat zapatila berdinekin korrika egiten; Behobia eta Lasarte-Oria Bai! lasterketak galtzerdi berdinekin egiten ditut azken hiru urtetan; beti berdina gosaltzen dut eta dorsala josita eramatea gustatzen zait, ez inperdibleekin lotuta... Aurreko egunean dortsala hartzea dagoenean behintzat beti josten dut.
Beste batzuk ere izango ditut baina denek dauzkagu halako ohiturak beste esparru batzuetan bada ere ezta?

Datorren urteko egitaraua pentsatu al duzu?
Ez, datorren urtean desagertu nahi dut. Kirola egiten jarraituko dut noski baina dagoeneko lasterketak uztea egokitzen da.

Nitaz jendea ahaztuko da eta lekukoa beste herritar batek hartuko du ziur. Datorren urtean lasterketetan ibiltzeko asmorik ez dut.

Bi seme-alaba txiki dituzu. Haiek nola bizi dute aita oholtzan ikustea?
Aitor oraindik txikia da eta ez da konturatzen. Izaro bai konturatzen da eta berarentzat aitatxo beti da irabazlea, uste du beti irabaziko dudala... polita da. Oraindik txikiak dira ulertzeko lasterketa bat irabaztea zer den, lehiakortasunaren kontzeptua oraindik ez dute ulertzen.

Zer esango zenieke korrika eta lasterketetan parte hartzen hasi diren gazteei? Ba al dago sekreturik?
Guztian bezala, badago berez korrika egiteko klase handia daukan jendea. Berezko klase hau ez daukagunon kasuan, lana eta konstantea izatea da sekretu bakarra.
Emaitza onen atzean lan handia besterik ez dago eta hori lasterketak irabazi nahi dituztenentzat.
Korrika egitea bestela oso kirol ona da eta maiztasuna mantentzea nahikoa da gustora lasterketetan parte hartzea soilik helburu dutenentzat. Ez dago beste sekreturik.