Dagoeneko burua 2013ko egutegian dauka jarrita, besteak beste Zegama-Aizkorri lehenengoz egitea gustatuko litzaioke.
Buruntzako erronkan errekorra egin zenuen Euskararen Maratoian. Espero al zenuen?
Lehorrean entrenatuta banekien hobetuko nuela aurreko Maratoian egindako denbora eta errekorra bera haustea ere posible ikusten nuen. Egunean bertan ordea, eguraldia ikusita zalantza neukan eta batez ere lesiorik ez egitea izan nuen buruan.
Erlojua begiratu gabe joan nintzen bide osoan, iristea zen helburu bakarra. Iritsi eta elizako erlojua ikustean konturatu nintzen denbora ona egin nuela, azkenean 38:48.
Esan behar da Iraitz eta Jonathan arerio oso onak izan zirela. Oraindik gazteak dira, lau urte barru berriro egitekotan ikusiko genuke... Iraitzen ibilbidea pixkat ezagutzen dut eta badakit oso maila onean aritzen dela korrika, Jonathan gutxiago ezagutzen nuen baina primeran ibiltzen da eta hala erakutsi zuen.
2012. urtea nolakoa izan da?
Pozik nago egindakoarekin. Mendi lasterketak eta duatloiak tartekatu ditut eta mendiko lasterketetan oraindik zerbait falta zaidala nabaritzen dut, jaisten denbora galtzen dut eta hori zuzentzea da erronka datorren urterako.
Duatloiari dagokionez, asfaltoan entrenatzeko denbora gutxiago izan dut aurten eta hori nabaritu dut emaitzetan.
Lehorrean entrenatuta banekien hobetuko nuela aurreko Maratoian egindako denbora eta errekorra bera haustea ere posible ikusten nuen
Euskadiko duatloi motzeko txapeldun izendatu zintuzten Durangon...
Bai bueno, hirugarrena izan nintzen baina aurreko biak deskalifikatu zituzten ibilbidea ez jarraitzeagatik.
Azkenean bi hauek erabakiaren kontra egin zuten ibilbideko zati hori behar bezala seinalizatuta ez zegoela argudiatuz eta epaileek azkenean arrazoia eman zieten beraz ni hirugarren.
Hala ere lehen postutan egon zara....
Bai pozik nago lortutako emaitzekin. Azkoitiko duatloian bigarren izan nintzen, Erlaitzeko igoeran hirugarren, Izarraitzen laugarren, orain gutxi Tenerifeko K42 Anaga maratoian bigarren egin dut...
Bidarraiko mendi maratoia irabazteagatik joan naiz Tenerifera adibidez. Printzipioz saria Argentinara joateko zen, han mendi maratoi bat egiteko baina lanagatik ezin nuen eta Tenerife eskaini zidaten.
Tenerifekoa oso polita izan da 44 kilometro arroiletatik, basoetan barrena... denetik zeukan zirkuituak. Oso jende ona zegoen eta sorpresa bigarren egitea izan da.
Oso ezberdinak al dira mendi lasterketak eta duatloiak?
Oso ezberdinak bai, mendian gehiago ezin duzunean oinez zoaz, polikiago, asfaltoan berriz ezin da hori egin. Asfaltoan leher eginda joanda ere, erritmoa mantendu behar duzu.
Mendian ibiltzea politagoa da, paisaia aldatzen da, ez da kotxeekin kontuz ibili behar...
Nola prestatzen dituzu lasterketak?
Adibidez Tenerifekoa udako oporretatik bueltan hasi nintzen, hiru hilabetetan prestatu dut. Saiatzen naiz astean zehar egunero asfaltoan lasterka egiten eta asteburuetan mendian lau orduko saioak egiten ditut.
Dieta zaintzen dut, jarraitu izan ditut neurrira egindakoak eta horietan oinarritzen dut egun nire elikadura.
Kirol zaletasuna betidanik izan al duzu?
Bai, esku pilotan aritzen nintzen txikitan, gero txirrindularitzan eta hortik duatloi eta triatloietara pasa nintzen. Azkenak mendi lasterketak iritsi dira.
Lehiatzen eta kirol bat behar bezala prestatzen, txirrindularitza izan zen lehenengoa, 20 urterekin afizionatu bezala hasi nintzen lasterketetan, nahiko berandu.
Urtean zenbat lasterketa egiten dituzu?
Normalean urte hasieran mendiko lasterketen eta duatloi eta triatloien egutegia hartzen dut eta hauek txandakatuz nire egutegia osatzen dut. Azkenean lasterketa batzuk ateratzen dira.
Denboraldia nolabait esateko, otsailean hasi eta uztailan amaitzen da, hilabete fuerteenak maiatza, ekaina, uztaila izaten dira niretzat baina ia astebururo egiten ditut lasterketak. Udazkenean beste erritmo bat da, gogoaren arabera egiten dut.
Lasterketa gehien egin duzun urtea...
Egia esan asko dira egindakoak eta ez dakit zehazki zenbat egin ditudan. Aurten adibidez ia astebururo izan ditut lasterketak, kopurua ez dakit.
Markak jartzen al dizkiozu zure buruari?
Helburua disfrutatzea da beti ez irabaztea. Hori lortzeko entrenamendu ona egitea da oinarrizkoa. Forma onean egoteak ahalbidetzen du lasterketetan maila ona erakustea.
Maila honetan aritzeko asko entrenatzen duzu. Nola ikusten dute etxekoek?
Ondo daramatela uste dut. Tenerifera adibidez andrea eta umea etorri dira nirekin. Eguraldiaren arabera baina normalean lasterketa askotara joaten dira ni ikustera. Haurra oraindik ez da asko konturatzen baina galtza motzetan ikusi eta badaki aita korrika egitera doala.
Hurrengo helburua?
Mallorcako mendi maratoi bat egingo dut martxoa hasieran eta Zegama-Aizkorri ere lehenengoz egitea gustatuko litzaidake. Leitzako ultratrail bat egin nahi dut ere.
Gomendioren bat orain hasten direnentzat?
Baldintza fisiko onak izatea garrantzitsua da eta entrenatzaile bat edukitzea ere bai.
Oso garrantzitsua da behintzat hasieran, profesional batek esatea nola entrenatu behar duzun eta helburuen arabera pauta batzuk finkatzea.
Oso argi izan behar da zer egin nahi den eta horren arabera entrenatu, dieta bat jarraitu... lehen postuetan egoteko garrantzitsua iruditzen zait jarraipen hau. Oso zaila da laguntzarik gabe entrenamendu egokia egitea.
Bestelako kasu bakan batzuk daude, David Martin bera fenomeno bat da, bakarrik entrenatzen du eta oso diziplinatua eta konstantea da. Baina orokorrean laguntza edo eskema bat beharrezkoa da.
