Apaiz apal, jakintsua, langilea eta euskaltzale sutsu honek, besteak beste, euskara eta euskal kulturaren munduan izugarrizko ondarea utzi zuen bere ibilbide luzean, nahiz irakasle, idazle, ikertzaile, hizkuntzalari, itzultzaile, Euskaltzaindiko buru eta hemen izendatzeko gehiegi diren beste hainbat eta hainbat lanen bitartez, bertsolaritzaren ikerketa adibidez. Ondo merezitako hamaika eskerron eta omen ere jaso zituen.
On Manuelek, konta ezin lagunekin harremana izan zuen eta norbait aipatzearren On Joxe Miguel Barandiaran ikaskide izan zuen, eta Resurreccion Maria Azkuerekin ere lankidetzan aritu zen Euskaltzale aldizkarian.
Lasarten bizi izan zen
Lasarte-Oria oso maitea zuen. Hala beharrez, bolada batean gure herritar izan baitzen.
1936ko gerratearen hasieran bere bi anai fusilatu zituzten eta bera gogor jazarria; egoera larri hartan izkutatu egin behar izan zuen; On Antonio Abaunzt kapilaua bitarteko, Lasarteko Moja Brigitarren Komentuan hartu zuten eta bertan bizitu zen kapilauaren etxean gordeta lau urte eta bost hilabetez bat ere atera gabe.
On Antonio Abaunzt kapilaua bitarteko, Lasarteko Moja Brigitarren Komentuan hartu zuten eta bertan bizitu zen kapilauaren etxean gordeta lau urte eta bost hilabetez bat ere atera gabe.
Lasarteko mojak zaindari duten Pozezko Amari, eskainitako ereserkiaren letra eta musika idatzita utzi zien bere esker onez On Manuel Lekuonak, eta oraindik ere abesten dute mojek hainbat elizkizunetan.
1941. urtean Calahorrara erbesteratu zuten eta han ere hamaika azterketen ondorioz balio handiko aztarren ugari topatu eta jaso zituen, Euskal Herrikoak tartean.
1955ean Euskal Herrira itzulita, Andoaingo Pedro Arregi apaizaren etxean bizi izan zen, Jesusen Alabak mojen komentuko kapilau zereginaz gain, beste hainbat lanetan buru-belarri jarraituaz, 1975an, bere jaiotako herrira itzuli zen, Oiartzunera.
Lehen esan bezala, Lasarte-Oria asko maite zuen eta herriaren burujabetza lortzeko ahaleginetan ere nabarmendu zen. Hainbat mediotan bere iritzi baikorra idatzi eta argitaratuz eta baita herritarrei hainbat hitzaldi eta ekimen eskainiz egoera argituz, eta, nola ez, parte hartzen zuen foro eta instituzioetan bere ospe eta jakinduriaren eraginez, iritzi baikorra, tinkoa eta eraginkorra adieraziz. Bidelagun bikaina izan zen.
Gure herriko ereserkiaren letra ere berak idatzia da, musika berriz Jose Antonio Mertzero musikagile lasartearrak sortu zuen.
Kultur-etxea
1988. urtean Lasarte-Oriako udalak, Frigorífica Guipuzcoana, S.L. enpresari, une hartan Tedoso Zinemaren egoitza zena erosi zion, eta eraikina birmoldatu ondoren, 1993ko otsailaren lehendabiziko egunean inauguratu zen gure Kultur Etxea. Hilabete batzuk izenik gabe egon ondoren, 1993ko azaroaren 19ko Udalbatzarrak “Manuel Lekuona Kultur Etxea/Casa de Kultura Manuel Lekuona” izena jartzea erabaki zuen, nahiz oposizioko talde guztiak izena euskaraz bakarrik jartze aldekoak izan.
On Manuel, urte askotan zehar, igandero, Añorgan meza eman ondoren, Lasarte-Oriara etorri ohi zen bere arreba Juliana, Juanito Unanuerekin ezkondua, eta bere familiari bisita eginez elkarrekin bazkaltzera; bazkalondoan, giro ederrean kantuan saio bat eginda pozik joaten omen zen hurrengo igande arte. Bere ilobak Zumaburun bizi dira orain ere.
Neronek ere ezagutzeko ohorea izan nuen, meza ondoren, Añorgan autobusaren geltokian zain zegoela, pasaeran kotxean hartu eta elkarrekin kontu kontari etorri ginen hainbat aldiz Lasarte-Oriara. Gizon oso atsegina eta maitagarria zen. Goian bego, eta gure esker ona berarentzat.