Tapoi asko bildu dira gurean, baina zergatik plastikozko tapoiak? Bizkaiko enpresa batek tonako 300 euro ordaintzen dituelako. Ahalik eta diru gehien lortzeko asmotan egin du bilketa Pausoka elkarteak garun-paralisia duten euren haurrei beharrezkoa duten tratamendua eman ahal izateko.
Lurdes Palaciosek azaldu moduan, lan handia izan da elkarteko kideentzat bilketa hau egitea eta momentuz bukatutzat eman dute. Izan ere, erosleak geroz eta gutxiago ordaindu nahi zuen plastikoagatik.
Behar bereziak
Pausoka elkartea behar bereziak dituzten haurren guraso talde batek sortu zuen martxoan. Hauen helburua Zentro terapeutiko bat garatzea izan da bertan haurrek behar dituzten tratamenduak jaso ahal izateko. Haur hauek garun-paralisia dute edota epilepsia patologia oso larriak. Gaitz hauek atzerapen psikomotore garrantzitsua eragiten die eta hau asko hobetu daiteke fisioterapia saio egoki eta sarriekin.
Lokala dagoeneko eskuratu dute Hernaniko udalak utzita eta bertan ari dira tratamenduak egiten baina oraindik diru laguntza behar dute, lokala egoki moldatu eta behar diren baliabide guztiekin osatu ahal izateko 30.000 euro inguru behar direla aurreikusi dute gurasoek.
“Erakunde ezberdinetara jo dugu baina nolabait laguntza eman ahal izan digun bakarra Hernaniko udala izan da lokala utzita. Orokorrean dirurik ez dagoela erantzun digute“. Momentuz bi eta hamar urte arteko hamabost haur dira tratamendua jasotzen dutenak “baina helburua ahalik eta ume gehien laguntzea da. Adibidez hastekoa da gurekin tratamenduan Lasarte-Oriako ume bat”.
Zentroak behar berezi hauek dituztenen haur eta familientzat erreferente izan nahi du “familien arteko aholkularitza eta laguntza ere aurkituko dute gurean”.
Egutegia eskuragarri
Dirua biltzeko asmotan ere egutegi solidario bat egin dute eta salgai dago zazpi eurotan. Dagoeneko bigarren tirada bat egin behar izan dute “2.000 ale atera genituen eta ia bukatu egin dira, jendeak oso erantzun ona izan du eta eskertzen dugu harrera bero hau”.
Herrian Labe Goxo okindegian, Muñoz belar dendan, Muntteri-AEK euskaltegian, Maite Erkizia ile-apaindegian eta Urruzola mertzerian eros daiteke egutegia. Honetan Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Takolo herriko pailazoak agertzen dira elkarteko haurrekin batera “argazki saioa oso polita izan zen umeentzat”.
Kamisetak, loteria, Donostian Santo Tomaseko postua izango dute gaur, dena aipatutako helburu ekonomikoa lortzeko grinak bultzatuta.
www.pausokaelkartea.org web gunean elkartearen inguruko informazioa aurki daiteke eta bertan aukera ematen da euren proiektua diruz laguntzeko. Batetik edozein ekarpen egiteko aukera ematen da eta bestetik, elkarteko bazkide egin daiteke hilabetean bost euro ordainduta.
Haurrek tratamendu egokiarekin aurrera pauso garrantzitsuak ematen dituztela gogoratzen du Maiteder elkarteko lehendakariak “ibiltzeko gai dira” eta hurrengo pausoa fisioterapia eta terapia okupazionalaz gain, logopeda baten laguntza lortzea izango da. “Orain haurrak dira baina adinean aurrera egin ahala, tratamenduak egokitu beharko ditugula badakigu”.
Maitederrek eskertzen du orain arte herritarrek emandako laguntza eta azpimarratzen du edozeini gerta dakiokeela garun-paralisia duen seme-alaba bat izatea, “guri gertatu bezala gure haurrentzat beharrezkoak diren tratamendu guztiak eskura eduki nahi ditugu eta horretarako ari gara lanean, guraso guztien desioa da euren umeak aurrera egiten ikustea”.
