Oparitu euskara!

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abe. 21a, 13:52

Opariak egiteko momentuan gaude eta eskura izaten dugun produktu aukera zabalaren aurrean zer erosi aukeratzea lan zaila izaten da askotan. Erosketa hauek errazteko parada eskaintzen du www.katalogoa.org web orrialdeak. Bertan euskarazko produktuen katalogo zabala jasotzen da guztia adinka sailkatuta. Euskarazko musika, filmak, komikiak, jostailu eta jolasak daude aukeran. Etxeko guztientzat opariak topatzeko webgune lagungarria.

Jostailuak, liburuak, musika... zein da aukeran opari egokiena? Zaila da erantzuna topatzea baina euskaraz oparitzea badagoela kontutan izan beharrekoa da izan ere, egun euskaraz mota askotako produktuak ditugu eskura ez soilik liburu eta diskoak, baita mahai jolasak edota ordenagailurako jolas dibertigarriak beste askoren artean.

Euskarazko produktuen aukera zabal hau katalogo batean jasotzen da. Katalogoa bera, liburuxka formatoan elkarte denda ezberdinetan aurki daiteke, Euskal Herrian 240.000 ale zabaldu dira.
Bestela, sarean dago denentzat eskuragarri www.katalogoa.org web gunean. Katalogo honek gainera produktu guztiak zein adinentzat egokiak diren zehazten du lagungarria izan daitekeen informazioarekin.

Nafarroan sortuta
Duela 15urte, Nafarroako udal gutxi batzuek eman zioten hasiera Euskarazko produktuak biltzen dituen Katalogoari. Urte guzti hauetan, asko izan dira honetan parte hartu nahi izan duten erakundeak eta egun, 135 toki-entitate eta 200 udaletik gora osatzen dute. Katalogoa bultzatzen duten udalerriek bat eginda, Euskal Herrian liburuxkaren XV. edizioa argitaratu da aurten azken nobedade guztiekin.
“Euskarazko produktuak erdararen itsasoan nabarmendu behar dira, eta egon badagoen hori erdarazko produktuen itzaletik argitara ekarri” diote arduradunek.

Nobedadeak
Paperezko edizioan zein www.katalogoa.org web orrialdean eguneratuak agertzen dira nobedadeak bereziki markatuta. Gainera urtean zehar kaleratzen diren produktuen berri e-mailean jasotzeko aukera ere eskaintzen du guneak.

Berriak dira esaterako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Zazpikoloroa” DVD-a eta “Sentitu, Pentsatu, Ekin!” diska, “Basalagunak” DVD-Filma, “Urretxindorra” ipuina 5-9 urte arteko haurren atalean. Hamar eta hamalau urte artekoentzat adibidez, “Abbadiaren sekretua” edota “Dorak ezetz dio” izenburuak aurki daitezke.

Jostailu eta jokoen atalean berriz, badira besteak beste, Printze Txikiaren memoria jokoa eta Ikastolen Elkarteak kaleratutako animalien alfabetoa eta lehenengo ordenagailua. Aipatutakoak bakan batzuk dira izan ere, hainbeste produkturen artean erraza da adin egokiarentzat oparia topatzeaz gain, haur eta gurasoen gustukoak diren gaiak aurkitzea.
Online euskaraz
Internet-en doan umeentzako joko asko daude, eta euskarazkoak ere badaudela azpimarratu nahi dute katalogoko arduradunek. Guzti honen informazioa eta dagokion web orrialdea www.katalogoa.org helbidean zehazturik eta zerrendatuta aurkitzen da. “Interneten euskaraz eskaintza ere badela gurasoek jakitea garrantzitsua delako”.
Web gunea iruzkin atalarekin osatzen da erabiltzaileentzat beste tresna lagungarri gisa. Bizi euskaraz, jolastu euskaraz!