Lasarte-Oriako Gazte 1 + ez! ekimenak elkartasuna adierazi die espetxeratuak izan diren oarsoaldear gazteei

jon-altuna-egitegi 2012ko abenduaren 23a

Larunbat eguerdian egindako elkarretaratzean 25 bat gazte bildu ziren "Gazte 1 + ez! Epai politikoei STOP" zioen pankartaren atzean. Oraintsu espetxeratuak izan diren Oarsoaldeko bost gazteri elkartasuna adierazi asmoz egindako protesta izan zen, eta Euskal Herriak bizi duen egoera sozial berrian halako epai "politikoak" onartezinak direla salatu zuten.

2002. urtean atxilotuak izan ziren Orereta aldeko bost gazteak Segiren aurkako sarekada batean, eta bi urtez behin behineko espetxealdian egon ostean, epaileak 6 urteko espetxe zigorra agindu du orain eurentzat. Iker Ortega Gazte 1 + ez! Ekimeneko kidearen hitzetan, "lan politiko hutsa" egiteagatik doaz kartzelara, gazteen problematikan "eragin" nahi izateagatik soilik: "Gogoratu nahi dugu oraindik Euskal Herrian badaudela hamarnaka gazte egoera berdinean, epaileen sententzien esperoan, eta deia luzatu nahi dugu denon eskubide zibil eta politikoen alde mobilizatzeko", adierazi zuen Ortegak.

Gazteen aurkako erasoei erantzuten jarraituko dutela azpimarratu zuten eta gisa honetako bidegabekerien aurrean gazteria aurrez aurre topatuko dutela ohartarazi zuten.