Presoak herriratzeko eskatuz flashmob erraldoia egin dute Okendon

jon-altuna-egitegi 2012ko abenduaren 23a

Okendo plazak urdin kolorea hartu du igande eguerdian. Guztira 200 lagun baino gehiago aritu dira dantzan eta kantuan, presoak herriratzeko eskatuz egindako flashmob-ean. Harresi Guztien Gainetik herriko taldeak antolatu du ekimena, eta bertan izan dira zuzeneko musika jarriz Xabi Solano eta Zigor DZ Esne Beltza taldeko kideak.

Haur, gazte zein heldu ikusi ditugu Okendo plazan Herriraren kamiseta urdinak soinean zituztela. Batzuk koreografia goitik behera menperatzen zutela hurreratu dira plazara, etxean zein Villa Mirentxun egindako saioetan gogoz entseatu ostean. Beste batzuk ordea, azken orduko presaz ikasi behar izan dute, Lorena Garcia eta Enara Ieregi irakasleen gidaritzapean. Denek helburu bakarra zuten ordea, euskal presoak herriratzeko aldarria zabaltzea. Beroketa ariketa gisa kantua hiruzpalau aldiz entseatu ostean, 13:00ak pasatxo zirela grabatu dute flashmob-a, eta dantzarien aurpegiera ikusita, ederki pasa dutela behintzat ezin ukatu.

Flashmob-aren argazki galeria

Hurrengo ekintzak
Ixiar Arteaga Harresi Guztien Gainetik taldeko kideak aipatu duenez, herriko presoen gutunak jaso berri dituzte Frantzia eta Espainiako espetxe desberdinetatik, beraz, prest dute dena urtarrilaren 4ean kultur-etxean arratsaldeko 19:30etan egingo den poesia errezitaldirako. Herritar guztiak animatu nahi izan ditu bertan parte-hartzera eta urtarrilaren 12an euskal presoak herrira ekartzeko eskatuz Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joateko deia ere luzatu du.