Badator Olentzero!

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 24a

Dagoeneko kantan dabiltza herriko kaleetan barrena Zabaletako bizilagunak edota Landaberriko ikasle eta gurasoak. Arratsaldean Loidi-Barreneko pilotaleku ingurura iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi 17:00ak inguruan eta handik abiatuko da minutu batzuk beranduago Okendo plazara, Amalurreko Trikitilariekin eta Dinbi Banba batukadako partaideekin batera. Kuadrillategi, Gazte Kluba Amaraun ludoteka eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute kalejiran, nahi duten herritar guztiekin batera.

Gaurkoan hainbat talde atera dira gabon doinuak abestuz herriko kale eta baserrietan. Goizean, 10:00etatik aurrera, Zabaleta auzoko bizilagunak atera dira eta auzo inguruko baserrietan gabon kantak abesten dabiltza. Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak Olentzeroarekin kantuan 11:00etan atera dira eta herriko kaleetan barrena dabiltza.

Arratsaldean Loidi-Barreneko pilotaleku ingurura iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi 17:00ak inguruan eta handik abiatuko da minutu batzuk beranduago Okendo plazara. Ordu erdiko kalejiraren ondoren Okendon egongo da Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx-ekin batera urtero bezala haurren muxuak eta gutunak jasotzen.

Giro eta musika ez da faltako plazan 18:00etatik aurrera Alboka abesbatza eta Amalur trikitixa eskolako neska mutilak jardungo baitira, Bertso Eskolako gazteekin batera. Gabon, kantak, musika, bertsoak... Olentzerori harrera beroa egiteko.

Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan. Bestalde, baserriz baserri kantatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldekoek. Beraz jai giroa herriko etxe, baserri eta txoko guztietan zabalduko da egun osoan zehar.