Ostadar Saiarre mendi arloko lagunak erronka berriari ekin diote Benedika mendian buzoia jarri ondoren, eta 2012 urteari agur beroa emateko mendizale guztiei Buruntza mendira igotzeko gonbitea luzatu nahi izan die Ttakun Kultur Elkartearen laguntzarekin.
Hamaiketakoa
Ostadar S.K.T taldeak, mendirako zaletasuna sustatzeko asmotan, ahalegin polita plazaratu du oraingoan. Buruntza azpiko San Roke ermitaren ondoko aterpean abenduaren 31ean goizez, elkarrekin mokadua egiteko gonbitea egiten dute, heldu zein gazteri zuzenduta. Horrela urteari amaiera emateko ohitura berri bat sustatu nahi dute herriko mendizaleek.
Bertan guztiontzako txorizo errea eta edaria egongo dela adierazi dute antolatzaileek, beraz goizeko 10etan izango da urteari bukaera emateko hitzordu berria Lasarte-Orian. Animatu eta parte hartu!
