Musika, musika eta musika gehiago!

jon-altuna-egitegi 2012ko abenduaren 29a

Ostiral arratsalde eta gau partean estilo ezberdinetako bost kontzertu ikusteko aukera izan zen. Oiartzundik etorritako Lartaun abesbatzaren doinu goxoetatik hasita, Mugaldekoak taldearen folk akordeetatik pasa eta Ramones, The Beatles edota AC/DC talde mitikoen bertsio bandetaraino. Ohi bezala, musikazale lasarteoriatarrek izan zuten non aukeratua asteburuko musika menuan.

Lartaun abesbatza oiartzuarrak txiki utzi zuen Brijidatarren komentua ostiral arratsaldean Danok Kide elkarteak antolatutako kontzertuan. Bi zatitan banatu zuten emanaldia, lehen erdian "polifonia erlijiosoa" delako blokearen barnean, kantu elizkoiak abestu zituzten latinez eta ingelesez. Aipagarria da Alboka abesbatzan aritzen den Amaia Dorronsoro piano-jole herritarra izan genuela protagonistetako bat, pianoari beti bezain doinu goxoak ateraz.

Atseden labur baten ostean, euskal gabon abestiak interpretatu zituzten bigarren blokean, Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz. Besteak beste, "Aleluia", "Olentzero" edota "Hator hator" bezalako klasikoak entzuteko aukera izan zen Maddalen Dorronsoro zuzendariaren esanetara.

Gauean bestelako estiloak
Kultur Kale Zikloaren barnean, poesia, antzerkia, munduko musikak eta folkaren artean saltari ikusi genuen Mugaldekoak taldea Jalgin publiko arretatsu baten aurrean. Abend garagardotegian berriz, Gabba Gabba Heyren punk-a (Ramones bertsiotuz), Octopus Garden-en melodia (Beatles-i tributoa eginez) eta AZ/DZ taldearen rock-a (AC/DCren bertsioak eginez) entzuteko aukera izan zen oraingo honetan. Guztiek bildu zuten jende asko eta ostiral gaua giro onean igarotzeko asmoz kontzertuak ikustera hubrildu ziren koadrila ezberdinak, bikoteak edota bihotz bakarti bat edo beste ere bai.