PSE-EEk zozketatutako bizikletak badu jabea

maider-azurmendi 2013ko urtarrilaren 4a

Herriko PSE-EEk bere egoitzan Gabonetan jostailuak jaso zituen. Hauek eman zituzten herritarren artean zenbakiak banatu ziren bizikleta baten zozketarako eta gaur eman diote saria Teodora Prieto herritarrari Jesus Zaballos eta Txus Alonsok.

Jesus Zaballos eta Txus Alonso irabazleekin.
Gabonetan jostailuak jaso zituen herriko PSE-EEk beharra zuten familien artean banatzeko. Azkenean hainbeste jostailu jasota, batzuk Caritasen esku utzi zituen eta beste batzuk berriz, Tinduf-eko kanpamenduetara bideratu zituzten. Elkartasun hau nolabait saritzeko, jostailuak eraman zituzten herritarren artean zenbakiak banatu zituzten bizikleta baten zozketan parte hartzeko. Horrela saritutako zenbakia, Gabonetako loteriako azken bi zenbakiak, 58a izan da eta honen jabe zen Teodora Prieto herritarrak eskuratu du mendi bizikleta.

Josu eta Africa bere bilobekin jaso du saria Teodora Prietok Jesus Zaballos eta Txus Alonsoren eskutik. Txirringa 16 urteko Josurentzat izango dela azaldu du agerraldian eta gazteak pozik hartu du mendiko bizikleta berria.

Elkartasuna
Amonak azaldu moduan, "Africaren txikitako jostailuak nituen etxean, pelutxeak batez ere, eta iruditu zitzaidan beharra dutenentzat ematea egokia zela, batez ere bizi dugun garai honetan eskertuko zirela". Saria jasotzea ordea, ezustekoa izan da "jostailuak utzi eta zenbakia ematen zidatenean ez nuen hartu ere egin nahi, baina tira oso pozik lehenengo aldia delako halako zozketa batean zerbait egokitzen zaidala". Jesus Zaballosek berriz ere herritarren elkartasuna eskertu nahi izan du ekimen honetan emandako jostailu kopurua "pentsa ezina" zelako.