Presoen hitzak barrote artetik ihesi

jon-altuna-egitegi 2013ko urtarrilaren 5a

Frantzia eta Espainiako espetxeetako harresi guztien gainetik eta sarraila guztien azpitik, herriko euskal preso politikoek igorritako mezu eta poemekin errezitaldia egin zuten ostiral iluntzean hainbat lasarteoriatarrek Manuel Lekuona kultur-etxean.

Sentimendu handiarekin prestatutako ekitaldia izan zen Herrirak eta Presoen Lagunak taldeak ostiralean antolatutakoa. Preso eta iheslarien hitzez osatutako poemak errezitatzeaz gain, herritarrek antzeztu, dantzan egin eta zuzeneko musika ere jo baitzuten Manuel Lekuonako oholtza gainean. Ordu eta erdi inguru iraun zuen errezitaldiak eta itxura polita hartu zuen kultur-etxeko areto nagusiak ikusle kopuruari dagokionez. Oholtza gainean, presoen senide, lagun eta oro har, adin guztietako herritarrak izan ziren.

Saio trinkoa
Ekitaldi berezia izan zen, bizia. Hasteko, abenduaren 23an Okendo plazan grabatutako Flashmob-aren bideoa proiektatu eta Xumela abesbatzak “Kalera, kalera” abesti ezaguna kantatu zuen publikoaren txalo eta koru artean. Horiez gain, biolin-joleak, Ahuen taldea eta txalapartariak ere aritu ziren.

Jarraian ekin zitzaion Txurdi, Aitzol, Ina, Iurgi, Pello, Xanti, Mitxel, Niko, Gallaga, Beltza, Sordo, Topi, Nerbios, Ibon, Juankar eta Rafak igorritako hitzak irakurri, antzeztu edota entzuteari. Besteak beste, Txurdiren poesia, Ibonek haurraren jaiotzaren berri izan zueneko kronika edota Juankarren mezu zorrotz eta kritikoa entzungai izan ziren ikuslego hunkituaren aurrean.

Amaiera ederra izan zuen ekitaldiak. Rafa Diezen semea eta alaba “El Dueso” kartzelatik aitak bidalitako testua irakurtzen ari zirela, lau mimo atera ziren kate luze batean presoen argazkien siluetak eskegita zituztela. Pixkanaka, idatziak aurrera jarraitu ahala, herritarrek argazkiak kendu eta behin katebegietan argazkirik ez zela, mimoek bortitz jaurti zituzten kateak lurrera, kartzeletako zarraila eta paretak bailiran.

Isiltasun une baten ostean, dantzan egin zuten siluetak kendu zituzten neska-mutilek argazkiak besarkatuta, eta amaitzean, Txapu preso ohiak “agintariarena” dantzan egin ohi den moduan, presoen banderola astindu zuen dantzarien buru gainetik.

Argazki galeria:
Errezitaldia