Saio trinkoa
Ekitaldi berezia izan zen, bizia. Hasteko, abenduaren 23an Okendo plazan grabatutako Flashmob-aren bideoa proiektatu eta Xumela abesbatzak “Kalera, kalera” abesti ezaguna kantatu zuen publikoaren txalo eta koru artean. Horiez gain, biolin-joleak, Ahuen taldea eta txalapartariak ere aritu ziren.
Jarraian ekin zitzaion Txurdi, Aitzol, Ina, Iurgi, Pello, Xanti, Mitxel, Niko, Gallaga, Beltza, Sordo, Topi, Nerbios, Ibon, Juankar eta Rafak igorritako hitzak irakurri, antzeztu edota entzuteari. Besteak beste, Txurdiren poesia, Ibonek haurraren jaiotzaren berri izan zueneko kronika edota Juankarren mezu zorrotz eta kritikoa entzungai izan ziren ikuslego hunkituaren aurrean.
Amaiera ederra izan zuen ekitaldiak. Rafa Diezen semea eta alaba “El Dueso” kartzelatik aitak bidalitako testua irakurtzen ari zirela, lau mimo atera ziren kate luze batean presoen argazkien siluetak eskegita zituztela. Pixkanaka, idatziak aurrera jarraitu ahala, herritarrek argazkiak kendu eta behin katebegietan argazkirik ez zela, mimoek bortitz jaurti zituzten kateak lurrera, kartzeletako zarraila eta paretak bailiran.
Isiltasun une baten ostean, dantzan egin zuten siluetak kendu zituzten neska-mutilek argazkiak besarkatuta, eta amaitzean, Txapu preso ohiak “agintariarena” dantzan egin ohi den moduan, presoen banderola astindu zuen dantzarien buru gainetik.
