Neguko denboraldia aurrera doa eta Buruntzaldea IKT-ko igerilariak txapelketaz txapelketa dabiltza. Abenduaren 22an, San Esteban Sarian eta Hernaniko sarian parte hartu zuten. Guztiak ederki ibili ziren eta hainbat domina eta sari lortu zituzten. Honetaz gain, abenduaren 29an, Nazioarteko Eguberrietako Txapelketan ere izan ziren helduenak eta final nagusietan egotea lortu zuten igerilarietako batzuk.
Hernaniko saria
Honela, taldeko infantil, junior eta absolutuak Hernaniko XVI. sarian parte hartu zuten.
“Gure igerilariak oso txukun aritu ziren domina ugari lortuz,” aipatu digu Borja Apeztegia entrenatzaileak. Hala nola, 4x50 m. libre errelebuetan mutilen taldeak Sariko garaikurra lortu zuen eta neskek, berriz, txapeldun ordearen saria.
Proba indibidualetan ere dominak lortu zituzten. Iñigo Ibarburuk 50 m. tximeleta eta 100 m. estiloak proban, Haitz Mitxelenak 100 m. tximeletan, Ainara Garciak 50 m. bular proban, Mikel Esnalek 100 m. libre eta 100 m. estiloak probetan eta Itsaso Tolosak 100 m. libreetan lehenak izan ziren.
Eta zilarrezko dominak lortu zituzten, Mikel Sotok 50 m. bular proban, Kevin Iglesias-ek 100 m. bular proban, Naiara Lizasok 50 m. libre eta 100 m. estiloetan eta Haitz Mitxelenak 100 m. estiloetan.
Honetaz gain, entrenatzaileak jakitera eman duenez, 15 marka pertsonal hobetu zituzten igerilari gazteek eta horien artean, aipatzekoak dira, Mikel Sotoren 50 m. bular probako 37''30-ak eta Naiara Lizasoren 1'19''15-ko marka 100 m. estiloetan.
San Esteban Saria
Era berean, taldeko 40 igerilari benjamin eta alebin Oiartzunen izan ziren VII. San Esteban Sarian lehiatzen. Apeztegiak adierazi digunez, “guztiak oso pozik atera ziren.”
Izan ere, igerilari gazte hauetako batzuk podiumean izan ziren eta taldeko hainbat errekor berri ezarri zituzten.
Hala nola, urrezko domina lortu zuten Nahia Jie Villamediana 100 m. bizkar proban, Leire Martin 50 m. bular proban, Jon Soto eta Leire Carcedo 100 m. bular proban eta Irati Arzallus 100 m. libreetan.
Bigarren izan ziren Unai G. Somovilla 50 m. tximeletan, Ainhoa Martin 50 m. bizkar proban, Nora Qian Villamediana 50 m. libreetan eta Jon Ibargoyen 100 m. libreetan.
Jon Millan eta Joane Arzallus 50 m. bular proban, Eneko Elizasu eta Anne Izagirre 50 m. libreetan eta Lander Sorozabal 100 m. libreetan hirugarren izan ziren.
Eguberri txapelketa
Bestalde, abenduaren 29an, Nazioarteko XXX. Eguberri txapelketan parte hartu zuten Buruntzaldea IKT-ko gazteek eta primeran egin zuten igeri. Borja Apeztegiak entrenatzean dituen lau igerilari final nagusietan izan ziren.
Itsaso Tolosa 50 m. eta 100 m. bizkar probetan lehiatu zen finalean eta bietan 6. postuan izan zen.
Mikel Esnal, berriz, 50 m. libreetan 5. postuan amaitu zuen. Eta azkenik Haitz Mitxelenak 50. tximeleta probako finalean parte hartu eta 6. postua lortu zuen. Iñigo Ibarburuk 100 m. tximeletako finalean izan zen eta 7. postuan amaitu zuen.
Honetaz gain, Tolosak, Esnalek, Mitxelenak, Janire Berasartek, Jone Vazquezek, Naiara Lizasok eta Ainara Garciak marka pertsonalak hobetu zituzten.
