Presoen eskubideen aldeko mozioa ez da onartu

maider-azurmendi 2013ko urtarrilaren 8a

Ohiko udalbatzarrean Herrira mugimenduaren eskaria eraman du Bilduk, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe uztearen eskaera hain zuzen. Honakoak ez du alderdien babesa lortu eta Bilduk soilik eman du aldeko botoa, Plataforma eta EAJ-ren abstentzioa eta PP, PSE-EE eta Marisa Zubiriren kontrako bozkak jaso ditu mozioak.

Ohiko udalbatzarra izan da gaur udaletxean. Gai zerrendan puntu bakarra zegoen aurre ikusita, Bilduk eraman du Herrira mugimenduak egindako eskaera "Giza Eskubideen Deklarazioaren edukia aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe uztea". Pablo Barrio alkateak irakurri du mozioa eta Lasarte-Oriako udalak honako erabakiak hartzea eskatu du:

1.- Espainiako Gobernuari eskatzea presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplikatzeko. Neurri hauek zigorra bizilekutik hurbil betetzeko eskubidea eta osasun eskubidea bermatu behar dituzte, baita beraien zigorra bete duten presoen askatasuna eta zigorraren 3/4ak (edo 2/3ak) bete dituztenen baldintzapeko askatasuna.

2.- Udalaren kezka adieraztea astebururo presoen senitarteko eta lagunek sufritzen duten arriskua dela eta, eta elkartasuna adieraztea sakabanaketaren biktima guztiei.

3.- Espainiako Gobernuari eskatzea bete dezala Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia, eta, ondorioz, libre utz ditzala lehenbailehen gure bizilagun diren. Mitxel Turrientes, Ina Orotegi, Kepa Rezabal “Txurdi” eta Nikolas Francisco.

4.- Aditzera ematea Udala prest dagoela herriko bizilagun presoen giza eskubideen defentsan lan egiteko, eta haien senitarteko eta hurbilekoen egoera arintzeko.

5.- Horregatik guztiagatik, udal honek bat egiten du Herrira mugimenduak deiturik urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” goiburuarekin eginen den mobilizazio orokorrarekin, eta adierazten du prest dagoela akordio sozial zabal horren alde lan egiteko.

6.- Udal honek erabaki honen berri emanen die herritarrei, eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatuko ditu udalerriko bizilagunak.

Mozioa ez da aurrera atera, alde Bildu, Plataforma eta EAJ-ren abstentzioa eta PP, PSE-EE eta Marisa Zubiriren kontrako bozkak izan dira. EAJ ko Estitxu Alkortak bere bozka azaldu nahi izan du azpimarratuz ez daudela ados mozioaren osotasunarekin.

PSE-EEren galderak
Hurrengo puntuan galdera eta erreguen txanda izan da honetan lehena hitza hartzen Jesus Zaballos izan da. Honek Blas de Lezoko garajeetako arazoari irtenbidea emateko asmoa dagoen galdetu die, izan ere, lanen proiektua onartuta dago eta "gauzatzea da soilik". Nerea Sanchezek erantzun dio aurten lan horiek gauzatzeko asmoa dagoela adieraziz. Zaballosek ere azalpenak eskatu ditu herrian jartzekoak ziren informazio panelei buruz, Zerbitzuetako Ana Prietok esan dio hauek ere jartzekoak direla udalaren logo berria edukitzerakoan "merkeagoak izan daitezen, brigadakoek egin dituzte".

Hondakinen gaiari eutsiz, Zaballosek salatu nahi izan du ez dela udal batzorderik eratu 5. edukiontziaren azterketa sakona egin dezan "hilabete asko dira batzorde hori sortuko zela erabaki genuela eta ez duzue ezer egin, agian gaia luzatu nahi duzue? Hori beste hainbat batzorde bezala urte berriarekin batera eratu eta berriz martxan jarriko direla argitu du alkateak berak.

Eguberrietako parkea
Dirudienez hiru istripu izan dira aurtengo Eguberrietako parkean eta honen informazioa ere eskatu da oposiziotik. Taxio Arrizabalagak argitu nahi izan du hiru haurrek besoa hautsi dutela eta hauek aztertzen ari direla "begiraleekin hitz egin da, enpresarekin eta ez dirudi negligentziarik egon denik, hala ere, gaia aztertzen ari gara".