Min dut bihotzean

unai-munoa 2013ko urtarrilaren 11

Gora bihotzak! Min dut bihotzean. Errabia barreiatzen da nire erraietan barrena kaleratze bakoitzean. Ez naiz ausarta ordea, eta neure izuan gordea, salbatzailearen zain dihardut otoitzean. Beharrak behar, odolaren balioz irabazitako eskubide murrizketak irenstear… eta gaitz erdi, gainontzean… Zer gertatuko litzateke baina, egoera kritiko hau iraultzea lortzean? Desberdin jokatuko al genukeen erratuak oroitzean? Min dut bihotzean.
Bidean bada garbitu beharreko sasi eta belar txarrik, parlamentutik bankura. Arazoaren gako nagusia baita sistemaren hezurdura, baina, noren kontura? Bideoz grabatu ezingo diren pelotazo eta porrazoen zentsura, eta ardura, eskutik eskura… Lehen esku bat bolantean eta bestea leihopean, orain berriz, bi eskuak burura. Autokritikarako garaia heldu da.
Karreretako zaldien pare, alboetara begiratu gabe, egin gara hondorik ez duen luxuzko zakuaren jabe. Kontuz! Bizilagunen sorbaldaren gainetik begiratuz, baloreak galdu ditugu hala ere. Eta orain, salbatzailearen zain, gauden bezala gaude… Dena da aldarri, haserre eta atsekabe, baina norberari dagozkion erantzukizunak, non daude?
Burtsaren osasuna, Jaurlaritzako ogasuna, enpresa handi, ertain eta txikien estuasuna, munduko hirugarren gerra ekonomikoa denaren oihartzuna… Salgai jarri dute herritarron askatasuna, geuk oparitu dieguna. Zer da ordea etxean zain mantentzen gaituena? Bildurra eta aspaldi galdu genuena; elkartasuna.
Salto bihotzak, eta iratzarri nau neguko hotzak. Zergatik ez ditugu erakusten hortzak? Diosta nire baitan marmarrean ari den ahotsak. Zein den norberaren errua baleki bakoitzak… Gorbatadunen cohiba ketan desagertu dira gure bizipozak, txokoan kizkurtuta gauzkan bitartean guztia galduaren lotsak.
Erakutsi hortzak diosta barruko ahotsak. Gora bihotzak!!!