Oinatzekin Gaintza eta Larraitzera

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 11

Oinatz taldeak urtarrilaren 26rako irteera antolatu du Txindokiko magalean kokatuta dauden Gaintza eta Larraitzera. Parte hartzen duten haurrek Txindokiko Itzala abentura parkean bukatu ahal izango dute eguna.

Igartubeiti baserriaren aurrean Oinatzen irteeran parte hartu zuten lagunak.
Dagoeneko Euskal Herriko txoko askotan izan dira Oinatzekoak, historia eta natura uztartu ohi dute eta hala izango da ere 2013rako prestatutakoetan.

Taldearen hurrengo irteeran Gaintza eta Larraitz arteko ibilbidea egingo dute urtarrilaren 26an, larunbatean, Txindokiren magaletik hain zuzen. Larraitzen gainera Txindokiko Itzala abentura parkean gozatu ahal izango dute izena ematen duten umeek. Antolakuntzatik familiak animatzen dituzte irteeran “lagun artean eta euskaraz” parte hartzera.

Igartubeiti baserria
Oinatzekoek ikasturtea Igartubeiti baserrira eta Zumalakarregi museora egindako bisitekin hasi zuten urriaren 12an. 25 lagun izan ziren bertan eta lehenengo Ezkio-Itsason dagoen XVII. mendeko Igartubeiti baserri museoa ikusi zuten. Bertan tolarea martxan ikusteko aukera izan zuten eta sagardoa dastatu, txalaparta jo, kirikoketan aritu ziren besteak beste.

Ondoren, Ezkion elizako aterpean bazkalduta indarrak hartu eta Ormaiztegira joan ziren Zumalakarregi museora.

Txindokiko magala
Urrian hasitako bidea jarraiki beraz, urte berrian hainbat dira taldeak antolatutako txangoak eta lehenengoa urtarrilaren 26koa izango da.

Autobusa Jalgitik aterako da 10:00etan eta Txindokiren magalean kokatuta dagoen Gaintzaraino eramango ditu parte hartzaileak. Handik ibilbidea egingo da Larraitzeraino eta bertara iritsita haurrek Txindokiko Itzala abentura parkean aritzeko aukera izango dute. Honetarako sarrera 10 eurokoa izango da eta bertan ordainduko da.

Ekintza 2005.urtean edo lehenago jaiotakoei zuzenduta dago. Abentura parkea itxita dago eta soilik taldeentzat zabaltzen da, beraz, beharrezkoa izango da 15 umeen taldea osatzea antolakuntzatik azpimarratzen denez.

Honetan gelditu nahi ez dutenek ibilbidea luzatu ahal izango dute Auza Gaztelu mendiko tontorreraino.
Bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Ttakuneko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez bazkideek 12.

Hurrengo ibilaldiak
Datozen hilabetetan egingo diren ibilaldiak ere prestatu dituzte. Otsailean Leitzalarrea basora joango dira eta Perurena harrijasotzaileak daukan harriaren museora. Apirilean, Gaztelugatxe ezagutu eta Gorrondona txakolindegian bisita egingo dute txakolina nola egiten den ikusteko. Maiatzean, iaz bezala, Azkorteko egunarekin bat egin eta txangoa antolatu dute Lasarte-Oriako mugetatik. Herriko bitxikeriak eta aspaldiko kontuak ezagutzeko aukera izango da eta Azkorten, erromerian, hamaiketakoa egingo da. Herritarren parte hartzea sustatzeko, ibilaldi proposamenak jasoko dira aurrerantzean kultura@ttakun.com helbidean.