“Prestakuntzak dakartza emaitzak”

jon-altuna-egitegi 2013ko urtarrilaren 11

Futbola barru-barruan bizi dute Olaizola, "Gorri" zein Castrok eta hitz egitean nabari zaie, pasioz sentitzen baitute herrian errotuen dagoen kirola. Txikitatik egon dira baloiari pega-pega eginda futbolari izateko ilusioz, eta orain entrenatzaile lanetan dihardute Ostadar Lasartearrako kadeteak prestatzen, Euskal Ligan. Zelai ertzetik jokatzen dute orain futbolean, mutikoen zuzendari eta maisu. Gaztetxoek adina gozatzen dutela baieztatu dute.

Agustin Castro, Javi Olaizola eta Jose Manuel Loiarte "Gorri" entrenatzaileak.
Urte eta denboraldi gogorra zituzten printzipioz aurretik Euskal Ligarako jauzia egitean, baina lehen itzulia amaituta 22 puntu dituzte eta 10. daude sailkapenean, jaitsiera postuetatik urrun.

Zorionak, nolakoa izan da Gipuzkoako Ohorezko mailatik Euskal Ligarako saltoa? Entrenamendu sisteman eraginik izan al du?
Olaizola: Mila esker. Kontutan hartu behar da Euskadin kadete mailan dagoen kategoria gorena dela, eta badago diferentzia aurreko urtearekin alderatuta, bai.

Entrenamenduei dagokienez, egin dugun bakarra astean hiru saio egitetik lau egitera pasatzea izan da. Herriko taldea izanik, herriko jokalariekin aritzeko daukagun filosofía kontuan hartuta eta aurrean topatuko genituen izen handiko taldeak zein ziren jakinda: Erreala, Athelitic, Alaves, Eibar... argi genuen lan gehiago egin beharko genuela, eta gogorrago gainera.

Hamaikako lehiakorra osatu nahi genuen, astebururo partidak jokatu bakarrik ez, irabazteko lehiatuko zen taldea nahi genuen, eta agian bai, hasieran uste genuena baino gorago gaude



Gorri: Azpiegitura aldetik, beste taldeenak beldurgarriak dira gureekin alderatuta, eta jokalariak fitxatzen aritzen dira etengabe. Dabid eta Goliaten arteko guda bezalakoa da gurea, baina gure esku dagoen guztia egiten ari gara eta egiten jarraituko dugu aurrerantzean.

Lehen itzulia amaitzerako, 10. Postuan zaudete eta 22 puntu poltsikoratuta. Amestutako hasiera?
O: Ondo doakigu Liga. Hamaikako lehiakorra osatu nahi genuen, astebururo partidak jokatu bakarrik ez, irabazteko lehiatuko zen taldea nahi genuen, eta agian bai, hasieran uste genuena baino gorago gaude.

G: Hasieran egia da kategoria berriak nolabaiteko errespetua eragiten zigula, baina partiduz partidu goraka joan gara eta lehiakorrak izan gara gorabeheraz betetako aste ezohiko batean Errealaren aurka jokatu genuen partidua kenduta.

Ba al dago besteen gainetik dagoen talderik? Non markatzen duzue aurtengo helburua?
O: Denboraldia hastean, zortzi talde “ukiezin” zeudela esan zigun Euskal Ligan urte asko daramatzan jendeak, eta hori ikusita, jaitsiera postuetatik libratzeko borrokan egongo ginela uste genuen. Baina ekipoa hazi egin da, sailkapenaren erdian gaude orain.

G: Ohikoena izaten da Ohorezko Mailatik Euskal Ligara jauzi egiten duten taldeak hurrengo urtean jaistea.
Guk argi genuen ez genuela aurreko denboraldian Zaramagari gertatutako gertatzerik nahi: urte osoan 150 gol jaso zituzten eta bost bakarrik sartu. Hori ez da disfrutatzea, hori sufritzea da.

Castro: Lehiatzea eta disfrutatzea da helburua, maila handiko jokalariak dauzkagu, ez jaistea lortu behar dugu.

Zer sakrifikatu behar izan duzue entrenatzaile lanetan aritzeko? Denbora asko kentzen al dizue?
O: Nik pertsonalki denbora asko eskaintzen diot honi. Urte hasieratik planifikazio bat daukat prestatuta hiru bloketan banatuta: alor fisikoa, alor tekniko-taktikoa eta alor estrategikoa.

Urratsez urrats goaz, pixkanaka eta momentu honetan entrenatzaile izateaz gain lanik ez dudanez, gorputz eta arima ari naiz proiektu honetan lanean.

G: Jabik egiten du dena eta entrenamenduak oso ondo prestatzen ditu biziak, aldakorrak eta erritmo handikoak izaten direlako. Ez dago aspertzeko betarik, ez dira batere monotonoak.

C: Lanetik zuzenean etortzen naiz eta gauza batzuk alboratu behar izan ditut, baina nahi izan dudalako, ez inork hala behartuta! Oso gustura joaten gara entrenatzera.
Javi Olaizola eta Jose Manuel Loiarte “Gorri” Realaren aurka Zubietan jokatutako partiduaren aurretik hamaikakoari argibideak ematen.

Talde guztietan bezala, denetik egongo dela suposatzen dut, baina orokorrean jarrera egokia al dute mutilek?
O: Sorpresa itzela hartu dut, taldeari errendimendua oso azkar ateratzen hasi garelako, 22 puntu ditugu jada, pentsa.

Egia da adina konplikatua dela mutilentzat, herri bat da Lasarte-Oria, eta badaude mutil inplikatuak eta hainbeste inplikatzen ez direnak, badaude beste lehentasun batzuk dituzten jokalariak eta badaude futbola lehentasun bezala hartua daukatenak.

Eta tira, lehengo urtean jarrera aldetik geneukan talde itzela kontuan hartuta, gehixeago kostatzen ari zaigula esango nuke.

G: Baina gustura gaude, 18.000 biztanleko herrian bizi garela kontuan izanda, ia pentsaezina zen ematen ari garen maila ematea.

C: Hain goian egongo ginela ez genuen uste. Mutikoei lehen ordutik esan genien oso gogor entrenatu beharko zutela, eta hala ulertu zuten.

Ze puntutaraino barnerarazi behar zaio 15 urteko mutiko bati lehiakortasunaren mentalitatea?
O: Euskal Ligara igotzean, helburua konpetitzea da, noraino irits gaitezkeen ikusi.

Klubak hiru talderi ematen die garrantzia berezia: Ohorezko jubenilei, Ohorezko erregionalei eta guri. Beraz, lana gogor egin behar dugu.

Guk uste dugu prestakuntzak dakartzala emaitzak, kategoriaz gozatu nahi dugu, jakina, baina ridikulurik egin gabe, lehiatuz.

Klubaren aldetik beraz, babes osoa jaso duzue ezta?
G: Oso gustura gaude ez klubarekin bakarrik, gurasoak ere primeran portatzen dira gurekin. Batzuek jada lau urte daramatzate gure ondoan eta beti daude laguntzeko prest.

Ostadarri eskerrak eman beharrean gaude, partiduak oso ordutegi onean jarri dizkigulako eta babestuak sentitu garelako, ez daukagu kexarik.

Lasarte-Orian dagoen futbolerako grina, talentua eta harrobia ikusita, Erregionalek eduki al dezakete taldea goragoko kategoriaren batean?
G: Pixkanaka talde guztiak maila handiagoan jokatzen ari dira, eta jokalariak talde handien aurka indarrak neurtzean egiten dira handi.

Egia da aurten Ohorezko Erregionalak kategoria berrian jokatzea ordaintzen ari direla, baina haiei guri bezala gertatzen zaie, dituztenak baino diru eta azpiegitura gehiago behar dituztela.

C: Harrobi ona daukagu eta jokalari bikainak ere bai. Baina ez da hain erraza, izan ere herriko jokalari onak kanpora jokatzera joaten dira berehala, eraman egiten dituzte klub handiagoek.

O: Jakina eduki dezakeela goragoko talde bat, baina Agustinek esan duena gertatzen da. Mutiko onenak eramaten dizkigute, eta Athletic edo Errealaren kasuan ulertu dezaket, eta gainera uste dut positiboa dela, baina Antiguokok egiten duena... Ez zait ondo iruditzen.

Hala ere, aurten gure taldeko bi jokalarik Antiguokoren deia jaso eta Ostadarren geratzea erabaki zuten. Ohore handia izan zen guretzat, urteetan egindako lana fruituak ematen ari denaren seinale izan zen gazteen erabaki hori eta kanpora begira itxura ona daukagula erakutsi genuen.

Kategoria hauetan hainbat aspektu landu behar dituzu: Hezitzaile, psikologo, aita, erdi-lagun izan behar duzu, euren ezinegon eta zalantzak kudeatzen jakin behar du entrenatzaileak.



Zer jasotzen duzue mutikoengandik eta zer saiatzen zarete zuek ematen?
O: Kategoria hauetan hainbat aspektu landu behar dituzu: Hezitzaile, psikologo, aita, erdi-lagun izan behar duzu, euren ezinegon eta zalantzak kudeatzen jakin behar du entrenatzaileak.

Denok dauzkagu seme-alabak eta alde pertsonala ere jartzen saiatzen zara, eurentzat euskarri izatea ere garrantzitsua da.

G: Talde langilea da, ondo eta gogor entrenatzen duena, eta plazer bat da guretzat eurekin lan egitea.
Zergatik du hainbeste indar futbolak herrian? Kirol minoritarioak erdi bazterturik uzten dituzte gaztetxoek...
O: Oso erraza da. Nahiz eta bestelako kirolak edo Eskola Kirola inposatzeko ahaleginak egin, futbola kirol erregea da.

Guztiek amesten dute noizbait futbol jokalari izatearekin, eta ez herrian bakarrik, munduko leku askotan gertatzen da gauza bera. Atentzioa gehien deitzen duen kirola futbola da, masa sozial gehien mugitzen duena.

C: Etxean jasotzen dutena, txikitatik ikusten eta irakasten zaiena garrantzitsua dela uste dut, eta futbolaren kasuan, gehienoi gustatzen zaigu futbola, beraz, normala da gaztetxoek hortik joan nahi izatea.

Zer iritzi duzue nesken futbolaren inguruan?
O: Bikain iruditzen zait, zenbait neska mutil batzuk bezain onak dira eta Ostadarreko nesken taldean entrenatzaileak egiten ari diren lana izugarria dela uste dut.

Bizi garen gizarte erdi-matxista honetan, primeran iruditzen zait neskek futbola eta kirola egitea. Are gehiago, jende faltan dabiltzala eta, animatu egin nahi nituzke herriko neska gazte guztiak futbolean behintzat probatzera.

C: Nik lehenengo pertsonan bizi izan dut nesken futbolaren afera hau.
Nire alabak futbol eskola amaitzean, ezin izan zuen herrian jokatzen jarraitu. Futbolean jarraitzeko, Añorgara joan behar izan dute eta neska gazte batzuek eta beste jokalari batzuek uztea erabaki dute. Pena handia ematen du egoerak.

Michelingo futbol zelaia txiki geratu zaio Lasarte-Oriari...
O: Begira, ordu eta laurden eskaseko entrenamenduak egin ditzakegu zelai erdia soilik erabilita. Entrenamendu bat gehiago sartzeko, areto futboleko pista erabili izan dugu.

Michelingo zelaiarekin dagoen arazoa da enpresa batek kudeatzen duela, eta ez duela irekiera ordutegia luzatu nahi. Guregatik balitz, gauerdian ere bukatuko genuke entrenamendua, baina hor guk ezin dugu ezer egin.

Klubak gauza asko planteatu ditu, proiektu ugari prestatu ditu... Eta bai, beste zelai bat beharko genuke. Ezinezkoa da kategoria guztietan daukan talde sortarekin Lasarte-Oriak zelai bakarra edukitzea...

G: Egoerara moldatu beharko dugu.