Itxura ederra hartu zuen larunbata arratsaldean Lasarte-Oriako udal igerilekuak. Gipuzkoa osotik etorritako Tolosaldea, Ordizia, Hernani, Igartza, Fortuna, Easo eta Buruntzaldea taldeak lehian ikusteko aukera izan zuten herritarrek, goi-mailako kirol ikuskizunarekin gozatuz.
Buruntzaldea IKT, etxean
Herriko igeriketa taldeari egokitu zitzaion asteburuan, kronometratzaileak bilatu, harmailak ezarri eta oro har, antolakuntza lanetan aritzea. Halere, igerilari lasarteoriatarrek izan zuten euren dohainak erakusteko aukera. Guztira 16 gazte aritu ziren sexu, estilo eta luzera ezberdinetako 18 probetan lehian.
Honakoak izan ziren emaitzarik esanguratsuenak: gizonezkoen 100m libreetan, Mikel Esnal (54.06) eta Iñigo Ibarburuk (55.92) lehen eta hirugarren denbora onenak egin zituzten hurrenez hurren. Nesken 50m tximeleta estiloan Garazi Alkortak egin zuen krono onena (33.30) eta 200m bizkar estiloan berriz, Itsaso Tolosak (2.27.00). Aipagarria era berean gizonezkoen 100m braza estiloan lehen hiru denbora onenak Bruntzaldea IKT taldekoenak izan zirela: Iñigo Ibarburu (1.17.58), Mikel Soto (1.21.19) eta Kevin Iglesias (1.25.40) igerilarienak hain zuzen.
Markak hobetuz
Igerilariek 22 marka pertsonal, 12 taldeko errekor berri eta erreleboko marka berri bat lortu zituzten. Gainera, Janire Berasartek eta Ainara Garciak Infantilen Euskadiko Txapelketarako infantilen gutxienekoa lortu zuten.
Pozik mintzo zen Apeztegia prestatzailea lehiaketaren biharamunean: “Marka pertsonalez gain, orokorrean oso pozik atera ginen jardunalditik. Gure igerilariak Gipuzkoa, Euskadi edo Espainiako Txapelketak prestatzen ari dira eta egun neke handi xamarra badute ere, markak hobetu edo berdindu ahal izan zituzten eta horrek bide onetik goazela sinestarazten digu”. Bi aste barru, Ordizian izango da lehian Buruntzaldea IKT.
