Euskal Inauterietako entseguak bihar hasiko dira

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 14a

Hilabete baino gutxiago geratzen da inauterietarako eta mozorroa prestatzen hasi behar da. Larunbatean Munduko kulturen jaialdi handia izango da eta Euskal Inauteriak konpartsa, berriz, igandean aterako da. Aurten Ttakun K.E.-ak antolatuko du lehenengoz Euskal Inaurteriak konpartsa eta guztia inauteriko iganderako prest izateko, bihar bertan hasiko dira entseguak.

Otsailaren 6 eta 13aren bitartean Inauteriak ospatuko dira. Gure herrian asteburu horretan munduko kulturak izango dira nagusi.

Baina honetaz gain gure herrian ohitura legez, Euskal Inauteriak konpartsa ere aterako da igandean.
Aurten lehenengoz, Ttakun kultur elkarteak antolatuko du Euskal Inauterien konpartsa.

30 urtean dantza ikuskizuna antolatzen aritu den taldeak iaz Ttakunen esku utzi zuen konpartsa. Felix Telleriak aipatu zuen legez, “Gu ez gara elkarte bat, ez ezer. Hiru gara eta pentsa jada, 70-80 urte dituzte besteek. Ttakunek, gainera, indar gehiago emango dio eta hori pentsatu genuen. Okerrena guk utzi eta amaitzea izango litzateke eta”.

Entseguak
Eta hau gerta ez dadin, Ttakunek entseguak antolatu ditu, bihartik aurrera. Hauek astearteetan izango dira Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Antolatzaileek aipatu digutenez, urtarrilaren 15 eta 22an 20:00etatik 21:30era izango dira eta urtarrilaren 29 eta otsaialren 5ean, 19:30etik 21:30era. “Bi azken saio hauek ordu erdi lehenago hasiko dira haurrei begira”, adierazi dute antolatzaileek.
Era berean, herritar guztiei konpartsan parte hartzeko gonbita egiten diete.