Urtarrilaren 8tik aurrera, Lurraldebuseko Txartel Bakarra erabili ahal da Euskotreneko Lasarte-Oria-Hendaia tren lineko txartela ordaintzeko, beti ere, txartel berezia ez bada.
Euskotrenek eta Foru Aldundiak azaldu legez, autobusaren antzera, geltokietako edo geralekuetako sarreran eta irteeran dauden makinetan pasa behar da txartela.
Honetatik automatikoki dagokion diru kopurua murriztuko da. Kasu honetan, bidaiaren prezioa Eusko Treneko Bono 10a ordainduz gero izango litzatekeen tarifaren kopuru berdina izango da. Esate baterako, Donostiako Amara geltokira bidai bakoitza 0,96 eurotakoa izango litzateke eta Hendaiara, berriz, 1,55 euro.
Honetaz gain, urtarrilaren 22tik aurrera, Bilbao-Donostia linean Elgoibarrerainoko tiketa ere modu honetarako ordaindu ahalko dela jakitera eman dute. Probaldi hau martxoaren 4an bukatuko da, Gipuzkoako garraio publikoko tarifak bateratzearekin batera.
Txartel bakarra
Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoak ordaintzeko txartel bakarra egon zedin, Lurraldebus txartela jarri zuen martxan. Lehenik autobus zerbitzuetan jarri zen zerbitzua eta proba desberdinak egin dituzte garraiobide ezberdinetan ezartzeko. Esate baterako, Renfe edo taxietan txartelarekin ordaintzeko aukera dago.