“Baratzean dagoena ekartzen dut”

jon-altuna-iza 2013ko urt. 14a, 11:38

Telleri baserriko Pedro Arteaga baserriko lanetik bizi den lasarteoriatar gazteena da, eta barazkiak salduaz bizi den bakarra. Behi eta txerriak ere badauzka, txekor eta txerrikumeak hazteko. Urte guztian jaisten da asteazkenero baserritik plazara baratzeko produktuak saltzeko eta udaberri-uda garaian larunbatetan ere bai. Telleri baserrian egon gara eta baserritarrak berak eman digu bere bizimoduaren berri.

Pedro Arteaga baserritarrak azaldu digunez, nabari da krisia herritarren artean eta salmentak gutxitu egin dira. Udan, baratzean denetarik dagoenean, astean bitan etortzen da baserritik Lasarte-Oriara, asteazken eta larubatetan. Orain neguan, aldiz, asteazkenetan bakarrik, zuzen zuzenean, bere etxeko produktuak saltzera. Garaian garaikoa saltzen du, egunean baratzean daukana. Neguan neguko produktuak.

Dena etxekoa saltzen al duzu?
Bai, den dena etxekoa. Daukadana eta kitto.

Zer moduzkoa da, oro har, baserritarraren bizitza?
Ona, lana egin behar, baina osasuntsua da.

Zer moduz zabiltzate salmenten aldetik?
Jaisten ari dira, arlo guztietan. Azken urtean salmentak gutxitu egin dira nabarmen batez ere larunbatetan.

Merezi al du egiten duzuen lan eta ahalegin handiak?
Merezi du, baina, horrela, zuzenean salduta.

Aspalditik jaisten al dira Lasartera saltzera zuen etxekoak?
Bai, nire ama zena ere jaisten zen esnearekin. Amona ere bai.

Baserritik bizi zaretenak gero eta gutxiago zarete, zerbaiten seinale da hori, ezta?
Bai, baserritik bizi den gazteena ni naiz Lasarte-Orian. Merkatura jaisten den bakarra ere bai. Asteazkenetan egoten den bestea Zubietakoa da. Beste hiruzpalau baserritar behi esnearekin ari dira, baina berdurekin inor ere ez.

Lehen baserri guztietan zen esnetarako behiren bat...
Bai, inguruko denetan, baina, jakina, lan asko du eta gutxi pagatua...

Laguntzarik jasotzen al duzue baserritarrek?
Bai, zer edo zer jasotzen da. Pixka bat.

Eta baserritarren sindikatuek laguntzen al dute?
Ez gehiegi, bazkidea naiz baina ez diet kaso handiegirik egiten.

Zer nolako bezeroak dituzu?
Fijoak. Bezero onak ditut, gehienak edadekoak, gazterik bat ere ez. Ume txikiak dauzkaten gazte batzuek etortzen dira, baina gainerakoan inor ere ez.

Supermerkatura joango dira...
Nik ez dakit herri honetan zer jaten den. Edadeko horiek joaten direnean, kitto.

Dendetara denetarik heltzen da kanpotik urte guztian ...
Kanpoko aukera handia dago, eta dena da, banan banan, itxuraz oso ona, gainera. Kalitatez ez baina presentzia ikaragarria, hemen ez bezalakoa.

Horrek kalte egin al dizue, erosleak merkera jotzen al du?
Kanpokoak ez dira merkeagoak, dendetan ez dute guk baino merkeago saltzen, baina...

Zer da gehiena saltzen dena?
Udaran, batez ere tomatea, letxuga, baina, pipermin txikia (gindilla)... Neguan neguko produktuak.

Eramandako dena saltzen al da?
Beti sobratzen da zerbait, baina txerriek azkar jaten dituzte sobratutako guztiak.

Nabaritzen da krisia, beraz...
Udan eta larunbatetan asko jaitsi da benta, asteazkenetan oraindik ondo saltzen dugu.

Zuen kalitatea nabarmenduko duzue, etxekoa eta ona...
Ona... beno, etortzen dena. Ona dagoenean ona eta txarxeagoa dagoenean txarxeagoa. Prezioarekin konpondu behar.

Arazorik izaten al duzue eguraldiarekin?
Urtero izaten da zerbait. Udaberrian euria eta hotza egiten badu kalteak izaten dira, beti izaten ditugu, galera handiegiak ere ez dira, baina...

Negutegi ederrak dauzkazu eguraldiari aurre egiteko?
Lehen etxe aurrean geneukan eta iazko martxoan aldatu genuen lekuz. Guk lurrean landatzen dugu, ez dugu hidroponikorik eta horrelakorik jartzen negutegian, baina lehengoa 17 urtean leku berean egon zenez lurra nekatu egin zen eta azkenerako ez zuen ia ematen. Beraz, han genuena kendu eta orain hemen jarri dugu. Plastikozkoa da.

Neguan porrua, aza batzuek, azenarioa... neguko gauzak jartzen ditugu, baina uda aldean denetarik izaten dugu etxean.

Udaberrian, batez ere uda hasieran, egoten da berdura aukera aukeran. Negutegian tomatea, piperra eta baina izaten dugu eta kanpoan, patata, kalabazin, letxuga eta abar.

Abereak ere badituzu, behiak eta txerriak. Buru asko al dira?
70-75, behi eta txekor. Etxezarreta harategian urte osoan hemengo okela saltzen da gehienean. Ia astero hiltzen dugu txekorren bat eta batzuetan bi. Urtean 35 txekor inguru, etxean hazitakoak.
Etxeko terrenoak garbi mantentzen dizkidate eta inguruko beste larre batzuek ere alokatzen ditut. Belar bolak egiten ditugu udan gero neguan emateko. Lastoa eta pentsu naturala ere ematen diegu.
Bestalde, txerrikumeak ere saltzen ditugu.

Neguan porrua, aza batzuek, azenarioa... neguko gauzak jartzen ditugu, baina uda aldean denetarik izaten dugu etxean.


Lan asko ematen al dizute abereek?
Lana denak ematen du hemen, baina, esnetarako behiak edukitzea baino errazagoa da.

Lehen bazeneuzkan esnetarako behi batzuek?
Bai, 30 behi baino gehiago. Esnea jaisteko makina banuen, baina exigentzia asko zuen horrek. Dena ondo eramaten zaila zen, baratza, esne behiak... eta utzi egin nuen.

Eskola utzi zenuenetik ari al zara baserrian?
Eskola utzi eta probatu nuen kanpoan, bizpahiru lanetan, baina 18 urte nituenetik baserrian ari naiz lanean.
Honek gustatu egin behar du, gustatzen ez bazaizu ez duzu jateko adina ere aterako. Jai eta aste lanean lau pezta ateratzeko!... ez bazaizu gustatzen jai daukazu.

Lana oso lotua bada, ezin da utzi asteburuan ere...
Bai, beti eman behar zaie jaten.

Oporrik hartzen al duzu?
Pixka bat egiten dugu. Duela lau urte hasi nintzen urtean 15 egun hartzen, gabonetan, urtean lanik gutxien dagoen garaian. Ilobak eramaten dizkit baserriko kontuak, berak gobernatzen ditu abereak, besterik ez.

Urruti joaten al zara?
Bai hamar ordu hegazkinean, Karibe aldera. Urruti joan beharra daukagu, bertara joaten bagara segituan etortzen baigara etxera. Handik ez dago bueltatzerik, han egon behar 15 egunetan.

Guraso eta aiton amonek baserritik kanpo egiten al zuten lanik?
Ez, baserrian, aita eta amak beti baserrian. Hamar senide gara eta denak baserrian ateratakotik hazitakoak.
Orain, hamar horietatik bederatzi bizi gara, baina beste zortziak kalean. Ni geratu naiz baserrian, gazteena. Bakarrik.

Beraz maiorazgoaren legearen aurkakoa?
Bai hemen alrebes, zaharrena geratu beharrean gazteena geratu da etxean. Familia handia ginen eta denak kanpora joan ziren lanera.

Haurtzaroko zein oroitzapen daukazu?
Hemen ibiltzen ginen. Oinez hasi orduko lana zegoen gure etxean. Orduan umeak ez ginen eskiatzera eta oporretara joaten orain bezela.

Joaten al zineten perretxikutara, ehizera...
Bai, hemen, inguruan.

Oraindik jarraitzen al duzu?
Zeoze. Ehizarako afizio handirik ez daukat. Gainera txarra da afizio handiegia gero baserrian lana egiteko. Etxean lana izan eta kanpora joaten hasten baldin bazara, akabo. Ehizetik ez dago bizitzerik eta hemen ibiltzen naiz, neguan, etxe inguruan, oilagorretan.

Goizean goiz jaikitzen al zara?
Bai goizeko 6:30-19:00etan egunero. Neguan pixka bat beranduago. Hori bai, gero bazkalostean siesta gehienetan. Ordubetetxo bat.

Eta zer zaletasun dituzu?
Lagunekin afaltzeko elkartu... sagardotegira joaten gara askotan. Beti lanean ez gara aritzen. Gainera ez dago aritzerik, bestela alperrik galtzea litzateke.