Donostiako Aquarium-eko ohiko ibilbidean txertatu da “Ur Zurrunbilotsuak” Nekane Aranburu komisario gasteiztarrak sortu eta gidatzen duen arte proposamena. Zerbait artistek beren lana erakusten dute arrainontzi eta museoko beste espazioen ondoan..
Pilar Soberon lasarteoriatarraren iritziz oso proiektu erakargarria da, “arte lanaren aberastasuna bidean dagoelako, sortze prozesuan gertatzen den guztia da interesgarria”. 2012ko udaberrian hasi zen marrazkiak egiten Aquarium-ean, orain bideoak grabatzen ari da eta ez daki zertan amaituko den proiektua.
Esan daiteke bizitzera joan dela Aquarium-era, ordu asko pasa ditu bertan, instalakuntza eta eguneroko zereginak ezagutzeko suertea izan du, ez bakarrik ikusten dena baizik eta atzean dagoena ere bai.
Arrain, langile, biologo, ikusle eta espazioekin harremanetan daude artistak eta arte lanak. Proiektu biziak da: “Ez da bakarrik han koadro bat zintzilikatzea, bertan dagoenarekin prozesu bat sortzea baizik” adierazi digu Pilar Soberonek. Oso gustura ari da: “Aukera handia eskaintzen du Aquarium-ak eta bertako langileek oso jarrera irekia daukate gainera”.
Bi urteko prozesuaren bigarren fasean daude. Hasteko bi hilabetetan ia arratsaldero, pertzepzio lana egin zuen modu bitxi batean, “paperera begiratu gabe” marraztera joan zen, eta gero, bigarren fasean, marrazki horietan oinarrituta beste hiru esku hartze egin ditu, beiratea, sei metroko murala eta fosilen arteko marrazkiak.
Soilik modeloari, aurrean daukazunari, arrainari edo noizbehinka pasatzen zen ikusleari begira egindako marrazki horiek “askoz askeagoak”, testimonio edo lekukoak izan dira. Umeentzako ikastaro bat egin zuen irailaren 11n, teknika bera erabiliz, hau da, eskuak zer egiten duen begiratu gabe marraztuz.
Marrazki horietako baten zati bat eskala handian erreproduzitu eta gramineen haziak itsatsiz mural bat osatu zuen gero. Besteak beste, haurren laguntza izan zuen horretarako hasieran. Beraz, orain ikusten dena ez da marra, haziak baizik. Marrazkian marrazoen arteko liskarra irudikatu du Soberonek.
“Esperientzia oso polita izan zen, ni lasai ari nintzen marrazten, eta marrazoak borrokan. Badirudi arrainek, bakean, Aquariumean ez dutela ezer egiten baina bakoitzak bere ordua, tokia eta bizitza du”.
Beste arte lana beirate handi batean egin zuen, leihotik ikusten den “Donostiako badia ezaguna” marraztu zuen. Eta azkenik, marrazki batzuek jarri ditu fosilen artean. Ikusle askok pentsatzen du beste garai batekoak direla baina duela gutxi paper marroian egindako marrazkiak dira. “Artearen muga hori hausten da, artea kamuflatuta dago aspaldiko fosilen artean”.
Beiratean marraztutako silueta, haziekin egindako murala eta fosilen arteko marrazkiak Aquarium-ean ikusgai egongo dira ondorengo hilabeteetan ohiko sarrera ordainduta. Arte lanak ondo izendatuak daude, zerrenda, proiektua zertan den azaltzen duen idatzia, eskuorri eta gidatxo bat prestatu dute, mapa gisakoa, ikusleek jakin dezaten non dauden arte lanak.
Pilar Soberon lasarteoriatarrarekin batera, beste artista batzuek ere parte hartzen ari dira proiektuan: besteak beste, Marisa Gonzalez bilbotarra, Fabiana Barredo argentinarra, Francisco Ruiz de Infante gazteiztarra eta Begoña Egurbide kataluniarra.
Nekane Aranburuk arte-laboratorio deitzen duen proiektua etengabe aldatzen ari da, arte-lan edo bideo berriak gehitzen dira noizbehinka eta beste batzuek kendu egingo dira. Aldatuz doan erakusketa edo proposamen artistikoa da. Denen lana iruditu zaio erakargarria Soberoni, denek, berak bezala, berbera lantzen dutelako, ikuslearekin eta bertako ekosistema-animaliekin interakzioa. Ukitu berbera omen dute guztiek.
Bi artista euskaldunen lana nabarmendu du Soberonek, Marisa Gonzalezek Lemoizeko zentral nuklearraren desmantelamendua lotu du Aquarium-ean dauden arrainekin eta Francisco Ruiz de Infantek arrainen gainean eskaini zuen Aquarium-ean bertan egindako bideoa. “Oso polita izan zen, Auditoriumean soinu eta irudi ikusgarriekin eta pena da oso jende gutxi joaten dela horrelako esperientzietara nahiz eta dohainik izan. Ikaragarria izan zen”.
Proiektuak Baionako historiaren museoan jarraituko du, baina egun ez daki Soberonek han zer egingo duen, ezta Donostian ere. “Zerbait asmatu edo sortuko dugu”. Urtarrilean bilduko dira berriro eta pentsatuko dute nondik jo, zeintzuk izango diren hurrengo pausuak, non proiektatuko den zer,... Orain, bideoak grabatzen ari da Aquarium-ean “bere erritmoan eratzen ari da, marrazki eta bideoak nahasten dira eta ez dakit zer aterako den. Agian ez da bideoa izango, oso irekia nago sormenari, sortu daitekeenari”.
Esker oneko hitzak ditu Soberonek Aquarium-arentzat: “Horren proiektu berezia martxan jartzea eskertzen diot, ez dauka parekorik. Nekane Aranburu izan da guztia pentsatu eta artea tratatzeko, erakusteko eta esperimentatzeko beste modu hau bultzatu duena. Artea dena eta ez dena nahasten dira hemen”. Han barruan egon da Soberon hainbat ordutan ikusleekin edo arrainen artean bakar bakarrik.
Lan guztiak iruditu zaizkio interesgarriak, batez ere marrazkiak handitzean eraldaketa eta Aquariumean lana egitea. “Animaliekin lan egiten duten pertsonekin. Horrelako aukerak gutxitan izaten dira”. Beiratean marrazkia egiten ere asko gozatu zuen, askatasun osoz paisaia horren aurrean nahi zuen erara marrazten. “Ez da edozein toki eta izugarrizko sentsazioa izan zen”.
Aquarium-a da Guggenheim-aren ondoren ikusle kopuru aldetik Euskal Herriko bigarren museo bisitatuena. Ikusle asko joaten da bertara eta oso har gustura ikusi ditu. “Asko marrazoak ikustera doaz soilik.Hori bakarrik daukate buruan. Beste batzuek, fosilak, eta museoko beste hainbat gauza interesgarri ikustera joaten dira. Marrazoak baino gehiago nahi duenak aurkitzen du” Asko ez dira konturatzen arte lanak direla. “Adibidez nire marrazki txikitxoak fosilen artean jartzerakoan galdetzen zidaten, “fosilak dira?”. “Ez, marrazkiak dira”. “Marrazkiak, baina fosilak?” “Ez, fosilen inguruan egindako marrazkiak”.
Artea beste espazio batzuetara eramatea ondo ikusten du Soberonek. “Arte leku txiki bat iruditu zait une batzuetan Aquarium-a. Artistaz beteta. Berez ez da arte zentro bat, baina jarrera ona dute, eta artistei gustatzen zaigu artearen presentzia bizitzan,...” Soberonek azaldu digunez, Aquarium-a ez da ikusten dena bakarrik, jende askok lana egiten du erakuslekuetatik atzera, arrainei jaten emateko egunero ateratzen dira arrantzara... Leku berri bat ezagutu du.
Pilar Soberon irakaslea da... Batxilergo artistikoan klaseak ematen ditu. “Momentuz” Gaur egun ez dago ezertan ziurtasunik eta honetan ere ez. esaten dute desagertuko dela baina Dena den espero dut ez desagertzea eta horretan segitzea, bestela jai daukagu zer artearentzat ez dago dirurik eta gutxiago horrelako proiektuak eginda. Argazkiak saldu daitezke, baina interbentzio bat kristal batean, ez, eta hori da interesgarriena”.
Udaberrian Milanen egon zen argazkilaritza azoka batean eta udazkenean Arte Santander azokan Arteco galeriarekin. “Marrazki handi bat proiektatu genuen, argazkiak eraman genituen eta marrazki txiki batzuek zintzilikatu”. Continuum deitu zion proiektuari, marrazki txiki batzuek kateatuak ziren, bata bestearen ondoan.
Etorkizunera begira, tamaina edo eskala handiko marrazkiekin segitzeko asmoa dauka Soberonek, “asko interesatzen zait, zeren tamaina horietan ikusleak eta bere itzala marrazki barruan sartzen dira. Nik egindako paisaia handi horretan ikuslea ibili daiteke gora eta behera”.
Beste proiektu asko du Pilar Soberonek, baina finkatutakorik ez.

