Lasarte-Oriak protagonismo berezia izango du Donostiako Haur Danborradan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 14a

Larramendi eskolan ikasten duten zazpi herritar izango dira igandean Donostiako Haur danborradako karrozan. Protagonismo berezia izango du Sara Huegun herritarrak izan ere, bera izendatu dute jeneral. Sararekin batera, Garazi Altuna Easo Ederraren dama izango da eta Nerea Rebollo eta Arantxa Alvarez iñudeak. Oier Olalde, Aitor Paradela eta Aimar Perez palafrezain txikiak izango dira.

Udaletxean talde argazkia egin dute kargu guztiek.
Eguerdian aurkeztu dituzte Donostiako udaletxean datorren igandeko Haur Danborradako karguak. Ikastetxe guztien artean egiten da zozketa eta aurtengoan Donostiako Heriz pasealekuan, Seminarioan, kokatuta dagoen Larramendi ikastetxeari egokitu zaio. Bertan ikasten dute herriko hainbat haur eta gaztetxok.

Haur danborradan ateratzen diren 52 konpainien gidari izango da, aurten 4.766 haurrek osatuta, Sara Huegun herritarra. Berari egokituko zaio udaletxeko balkoitik hitz batzuk egin eta festari hasiera ematea Easo Ederra eta Danbor Nagusiarekin batera igandean. Garazi Altuna Easo Ederraren dametako bat da eta Nerea eta Arantxaren kasuan karrozan izango dira iñudeen pertsonaian. 11 urteko gaztetxoak zozketaz aukeratu dituzte euren ikaskideen artean. Horietaz gain bertan izango dira Oier Olalde, Aitor Paradela eta Aimar Perez palafrezain txikiak ere.

Lehenengo urtea da Larramendi ikastetxeari egokitzen zaiola haur danborradako kargu nagusiak ordezkatzea.