Oria ibaiak goizean ez du gainezka egin baina orduek aurrera egin ahala egoera larritu zitekeenez udalak hainbat neurri hartzeko gomendatu die bizilagunei.
Goizean goizetik maila altua erakutsi du ibaiak eta arratsaldeko lehen orduetan urak gainezka egin du puntu batzuetan Txiki-erdi inguruan eta Michelin kirol gune ondoko pasealekuan besteak beste.
Oria ibaiak gainezka egiten duenean kaltetuta izaten diren zonaldeetan arreta berezia eskatu da goizetik izan ere, alerta laranjan da Lasarte-Oria. 2011ko azaroaren 7an izan ziren uholdeak gurean azkenekoz eta kalteak batez ere garaje eta lokaletan gertatu ziren. Udalak orduan kaltetutekoentzako zerbitzua eskaini behar izan zuen.
Orduek aurrera egin ahala egoerak okerrera egin dezake arratsaldeko zazpiretan izango da eta itsasgora.
SOS Deiak-en gomendioak
Euri jasak direnerako hainbat gomendio ematen ditu SOS Deiak-ek. Hemen jaso ditugu prebentzio moduan hartu beharrekoak eta larrialdi egoeran egin beharrekoak:
Prebentzioko neurriak:
·Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
·Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
·Ahal baduzu, ez hartu autoa.
·Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
·Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
·Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
·Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
·Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
·Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
·Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
·Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
·Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
·Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.
