“Bizitzan behin gertatzen da”

maider-azurmendi 2013ko urtarrilaren 18a

Larramendi eskolan ikasten duten zazpi lasarteoriatar izango dira igandean Donostiako Haur Danborradako karguen artean. Sara Huegun, Garazi Altuna, Nerea Rebollo, Arantxa Alvarez, Oier Olalde, Aimar Perez eta Aitor Paradela pertsonaia ezberdinen papera hartuko dute San Sebastian egunean. Lehenengoak izango du protagonismo berezia bera delako konpainia guztien jeneral. Denak urduri daude eta eguna iristeko gogotsu.

Laukotea oso pozik dago iganderako egokitutako pertsonaiekin. Eskubitik hasita, Sara, Nerea, Garazi eta Arantxa.
Donostiako Haur danborradan lasarteoriatarrek protagonismoa izango dute aurten. Izan ere, Donostiako Larramendi ikastetxean ikasten duten zazpi herritar ikusi ahal izango ditugu danborradako pertsonaia nagusien paperean. Hauen artean Jeneralaren eginkizunetan izango da hamaika urteko Sara Huegun herritarra.

Lau neskak gelakideak dira, hamaika urte dituzte eta seigarren mailan daude. Laurek ohoretzat hartu dute Danborradako pertsonaien papera hartzea “bizitzan behin gertatzen da hau eta egun handia izango da”.

Ezustekoa
Eskolako guraso elkarteak zozketaz hautatu zituen kargu guztiak eta gaztetxoek azaldu moduan oso pozik hartu zuten berria “jenerala izango nintzela esan zidatenean oso pozik hartu nuen, ezustekoa izan zen”.
Jeneralaren ardura dira danborradan ateratzen diren 47 konpainiak eta berari egokitzen zaio, Easo Ederra eta Danbor Nagusiarekin batera, Donostiako Udaletxeko balkoitik diskurtsoa egin eta festari hasiera ematea “esango diet festaz gozatzeko, egun handia dela. Gaizki pasatzen ari direnei ere, arazoak ahaztu eta kalera ateratzeko, alaitasuna banatzea da nire arduretako bat”.

Sara Huegunek ibilbidea zaldi gainean egingo du bere gelakideek ez bezala, “banekien zaldi gainean ibiltzen baina zaldia ezagutzera joan naiz eta badakit ondo moldatuko naizela, Selma du izena zaldiak”.

Karrozan
Karroza gainean ikusiko ditugu bere gelakideak diren Garazi Altuna, Nerea Rebollo eta Arantxa Alvarez. Garazi Altuna Easo Ederraren dametako bat izango da igandean “bere ondoan egon behar dut laguntzen, karroza gainean berriz, agurtzen goaz”. Berak ere oso pozik hartu zuen izendapena eta gogotsu dago igandean Donostiako kaleetan barrena murgiltzeko “ez nuen kargurik espero zozketa egin zenetik denbora asko pasa zelako guri esan arte. Oso pozik nago eta igandean euria egitea ere berdin zait, ondo pasako dut ziur, bizitzan behin gertatzen da hau eta disfrutatu behar da”.

Nerea Rebollo eta Arantxa Alvarez berriz, inudeak izango dira. Karrozan, iazko bideari jarraiki, Easo Ederra eta bi damekin batera, aitzinean emakumeek jorratzen zituzten ogibide batzuen adibideak ikusi ahal izango dira. Guztira lau bikotek garaiko janzkera eramango dute baita bere lanean erabili ohi zuten tresna; batelariek arrauna, urketariek pegarra, inudeek panpina eta iruleek hari ardatza.

Lasarteoriatarren kasuan inudeen lana egokitu zaie “inudeak aspaldi haurrak zaintzen zituzten neskak ziren” azaltzen du Nereak “hasieran oso garbi ez geneukan zein zen hauen lana”. Karrozan joatea da bikote honi ilusio berezia egin diona izan ere hauek ere, ez zuten espero kargua “eskolak DBHko ikasleen artean hautatuko zituela uste genuen”.
Donostiako Udaletxean egin zen aurkezpenean, Aitor falta da. Txema Vallés

Urduri
Urduri jartzeko ia denborarik ez dutela izan lotsati azaltzen dute. Azken asteetan asko izan dira egin beharreko elkarrizketak, argazki saioak, ekitaldi ezberdinetara gonbidatuak izan dira “entsegu aldetik ez dira asko izan, karrozan agurtu besterik ez dugu egin behar baina ikasi behar izan dugu non jarri behar garen, zein den zehazki gure lana...”

Sararen kasuan lana gehiago izan da “berez diskurtsoa prestatu behar izan dut, zaldia ezagutzera joan, pixkat ibili. Nik hautatu nituen ere Udaletxean Konstituzio plazatik danborrada ikusteko herritarren artean egindako zozketaren zenbakiak”.

Egun Handia
Lasarteoriatarrak izan arren, Donostian ikasi dute txikitatik eta haur danborradan hiru eta lau urteetan atera izan dira danborra joz edota kantinera bezala. “Guretzat egun handia da Donostia eguna, herriko danborradan ere atera izan gara eta gustatzen zaigu baina igandekoa egun oso berezia izango da”.
Donostiako haur danborradan aurten 4.766 haurrek parte hartuko dute “ikusgarria da zenbat haur ateratzen diren eta kaleetan desfilea ikusteko pilatzen den jendetza” honen aurrean ordea ez dira kikiltzen “bizitzan behin gertatzen da hau eta egun horretan ezin da lotsa pasa, gainditu behar da esperientziaz guztiz gozatu ahal izateko”. “Mundu guztiak gu bezain beste disfrutatzea gustatuko litzaiguke”.

Aurtengoan gainera Sarak ondo azaldu moduan bada nobedaderik. “Sarriegi musikaria hil zela 100 urte betetzen dira eta omenaldi modura abesti berri bat joko dute danborradek, ez hori bakarrik 200 urte ospatzen dira ere hiria azkenekoz erre zenetik”.

Euriari beldurrik ez
Iaz San Sebastian egunean haur danborrada bertan behera utzi behar izan zuen Donostiako udalak azken unean euri zaparrada mardulak zirela eta. Aurten ere iganderako iragarpena ez da ona “eguraldia adi jarraitzen ari gara egun hauetan” dio laukoteak.

Antolakuntzaren erabaki da urtarrilaren 20an eguraldi txarra eginez gero, irteera astelehenean, 21ean jai eguna Donostian, egingo litzatekeela, eta eguraldi txarra egiten jarraituz gero, hurrengo igandean, hau da 27an. Egun horretan ere desfilea egitea ezinezkoa balitz, 2014 arte ez litzateke egingo. Gaztetxoek garbi dute “euria egin arren atera nahi dugu, ez genuke aukera hau galdu nahi”.

Hiru palafrezain
Lau gaztetxo hauekin batera kalesa deritzon karroza txikian, hiru lasarteoriatar gehiago izango dira igandean.

Oier Olaldek, Aitor Paradelak eta Aimar Perezek zazpi urte dituzte eta palafrezainen paperean arituko dira. Hauek ere Larramendi eskolakoak dira “Danbor Nagusia izan ezik, kargu guztiak Larramendikoak dira, eskolarentzat lehenengo urtea da karguak ateratzen”. Denek egun ona pasa nahi dute eta lasarteoriatarrak animatzen dituzte Donostiara gerturatzeko “gurekin egun handi hau ospatzera gonbidatzen ditugu herritarrak”.