Urtarrilaren 13an, X. San Anton Zaldi lasterketa izan zen Getariako Malkorbe hondartzan. 20 zaldunek parte hartu zuten lasterketan eta Pepenea baserriko bi zaldi podiumean izan ziren. Jose Manuel Martin eta Estai behorra lasterketako txapeldunak izan ziren eta hirugarren postuan amaitu zuten Xanti Telleriak eta Indar zaldiak. Bigarren iazko irabazlea izan zen, Eneko Urbieta zumaiarra.
Lau txanda eta finalaz gozatu ahal izan zuten euriari aurre eginez, hondartzan ziren ikusleek. Finalean, zortzi zaldik parte hartu zuten eta amaiera interesgarria izan zen. Martin eta Urbietaren arteko lehia azken itzulian erabaki zen.
Partaide bakoitzak diru sari bat, pentsu zaku bat eta txakoli botila jaso zuen eta sari bereziak egongo ziren hiru lehenengoentzat, txapela eman zioten Jose Manuel Martini eta garaikurrak ondorengo bi sailkatuei, Urbieta eta Xanti Telleriari.
Igande goizean Ondarretako hondartzako proban izango dira Xanti Telleriaren behor eta zaldiak.