Igerilekuan zazpi kale

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 18a

Udal kiroldegiko igerilekuan orain arte sei kale izan ditugu eta zenbait ordutan kurtsoak edota igeriketako entrenamenduak zirela eta, leku gutxi egon ohi zen herritarrek igeri egiteko. Arazo horren inguruan buelta batzuk eman ondoren udalak kale berri bat gehitzea erabaki duela jakitera eman du. Noski, igerilekua ez da handituko momentuz baina bertako kaleak pixka bat txikituko dira (21cm estuago) bide berri bat gehiago sortu ahal izateko. Neurri hau astelehenetik aurrera martxan dago eta erabiltzaile guztien onerako izango dela espero dute Udaletik.

Kale berria dela eta, Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko prestatzaileak adierazi du eurek eskatutako aldaketa izan dela, eta kale bat gehiago gehitzean, entrenatzerako orduan bi kale izatetik hiru izatera pasako direla. Hori "positibotzat" jo du, baina argi dauka ez dela "inondik inora" konponbidea, eta hau momentuan "partxea" besterik ez dela.
"Ulertzen dugu erabiltzaile arruntek igerilekua erabiltzeko eskubidea ere badutela, noski, baina herrian dauden kirol instalakuntza guztiak kontuan hartuta, erabiltzaile arruntekin konpartitzen dugun bakarrak gara. Kultura kontua da, baina igerilekua guretzat izan behar genukeela uste dut, futbolak Michelingo zelaia entrenamendu orduetan berarentzat duen bezala. Horretaz gain, kale bakoitza igeriketa mota jakin baterako izatea proposatuko dut, igeriketa azkarra, mantsoa, librea..., entrenatzeko oztoporik izan ez dezagun", esan du Apeztegiak.

Gaineratu du askoz ere emaitza hobeak izango lituzketela igerilekua eurentzat bakarrik edukita: "Dudarik gabe bai, eta gainera waterpoloa edota urpekaritza bezalako kirolak landu ahal izango genituzke".