Danbor eta makila hotsa nagusitu da gaur arratsaldean Sasoeta, Zumaburu, Landaberri eta Garaikoetxea ikastetxeetan. Guztira 600 bat haur eta gaztetxo lasarteoriatar aritu dira San Sebastian egunean ohikoak diren doinuak interpretatu eta makilak astinduz euren erritmo eta musikarako abilezia erakusten. Ez dira “San Sebastian Martxa”,“Tatiago”,“Diana” edota “Iriyarena” bezalako klasikoak falta izan.
Ikastetxez ikastetxe
Garaikoetxeako ikasleek jolastokian jo dute danborra, lehenengoz kurtso bakoitzak bere zuzendaria zeukala. Landaberrin anfiteatroa txiki utzi dute Lehen Hezkuntzako ikasleek kolore urdina nagusi zela, aretoko eserlekuetan errenkadetan zintzo eta serio kokatuta.
Sasoetari dagokionez, kanpoan egitea pentsatuta bazuten ere, azkenean gimnasioan egitea erabaki dute eguraldi txarra tarteko. Aipagarria da aurten lehenengo aldiz Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso-elkarteko dozena bat kide aritu direla euren seme-alaben ondoan konpainia propioa osatuz. Zumaburun Haur Hezkuntzako txikitxoek arratsalde-pasa itzela egin dute irakasleekin batera danborra joz.
Argazki galeria
Bideo galeria
