Danbor-jole gazte eta trebeak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 18a

Herriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek gaur ospatu San Sebastian eguna. Eguraldi txarra zela eta, hainbat emanaldi aterpean egin behar izan dituzte. Hala ere, ikasleek egindako txapela eta jantzi dotoreak soinean, Sarriegiren doinuak primeran jotzen dituztela erakutsi dute denek guraso eta lagunen aurrean.

Danbor eta makila hotsa nagusitu da gaur arratsaldean Sasoeta, Zumaburu, Landaberri eta Garaikoetxea ikastetxeetan. Guztira 600 bat haur eta gaztetxo lasarteoriatar aritu dira San Sebastian egunean ohikoak diren doinuak interpretatu eta makilak astinduz euren erritmo eta musikarako abilezia erakusten. Ez dira “San Sebastian Martxa”,“Tatiago”,“Diana” edota “Iriyarena” bezalako klasikoak falta izan.

Ikastetxez ikastetxe
Garaikoetxeako ikasleek jolastokian jo dute danborra, lehenengoz kurtso bakoitzak bere zuzendaria zeukala. Landaberrin anfiteatroa txiki utzi dute Lehen Hezkuntzako ikasleek kolore urdina nagusi zela, aretoko eserlekuetan errenkadetan zintzo eta serio kokatuta.

Sasoetari dagokionez, kanpoan egitea pentsatuta bazuten ere, azkenean gimnasioan egitea erabaki dute eguraldi txarra tarteko. Aipagarria da aurten lehenengo aldiz Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso-elkarteko dozena bat kide aritu direla euren seme-alaben ondoan konpainia propioa osatuz. Zumaburun Haur Hezkuntzako txikitxoek arratsalde-pasa itzela egin dute irakasleekin batera danborra joz.

Argazki galeria

Bideo galeria