Uholde arriskua berriro

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 19a

Udalak duen informazioaren arabera, hurrengo orduetarako aurreikuspenak txartu egin dira eta uholdeen larrialdi planeko egoera 0tik 1era pasa da. Beraz, momentuz alerta egoeran dago herria eta urtarrilaren 15ean egin bezala, Okendo, Isla eta Andatza plazetan aparkatzeko baimena eman du Udalak. Garajeetan ura sar daiteke, beraz Oria ibai ertzeko bizilagunei arreta eskatzen zaie. Herritar guztiei arreta eskatu nahi die udalak eta larrialdi egoeratako gomendioak jarraitzeko deia zabaldu nahi izan du.

Urtarrilaren 15eko argazkia.
Honatx prebentziorako hainbat gomendio:

•Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.

•Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.

•Ahal baduzu, ez hartu autoa.

•Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.

•Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.

•Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.

•Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.

•Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.

•Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.

•Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.

•Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.

•Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.

•Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.